Hedoi Etxarte

Kontatzearen aterpea

2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badakit garaiak, printzipioz, erotika esku artean sartzen zaigun pantailari ematen diola. Eta erotika diodanean erakarpenaz ari naiz noski, baina baita susmoaz eta kritikaz ere. Eta, ordea, paperezko, uhinezko eta taberna ala egongelako telebistek obsesiboki bideratu dituzte azken urteetako ahaleginak sarera.

Baina asteon oparitu didaten liburu zoragarri baten kontura (John Berger eta Susan Sontag-en gaztelerazko To Tell a Story-ren gaztelerazko edizioa), ordea, Gregorio Moranek aspaldi Iruñeko kantina batean esan zuen hartaz gogoratu naiz: «Boterea paperean dago eta boterea dutenek papera lantzen dute». Beste molde batera ulertu dut esaldia asteon, ordea. Berger eta Sontagen liburua material desberdinez osatua dago, baina Benoît Bourreau apailatzailearen hitzaurrearen osteko atala, pieza nagusia, Channel 4 kateko Voices saioan 1983ko otsailaren 9an izan zuten telebistako solasaldi baten transkripzioa da. Annie Ernauxi parafrasia eginez, ia esan genezake solasaldi bat ez dela bukatu, ez dela itxi, liburu batera iristen den arte.

Solasaldiaren abiapuntua Bergerrek egiten duen kontakizun mitiko bat da: «Norbait istorio bat kontatzen ari dela irudikatzen badut, lagun talde bat ikusten dut borobilean eta gune erraldoi bat, nahiko aztoragarria, haren inguruan. Agian paretaren kontra pilatuta daude, agian suaren inguruan daude eta, niretzat, istorioaren ideian bertan aterpearena dago. Bidaiariaren aterpea da agian, etxera itzuli den bidaiariarena, istorioa kontatu ahal izateko bizi izan denarena, ala itzuli den soldaduarena, bizirik iraun duenarena. Hala, aterpeak sentsazio ia fisiko bat dakar, non istorioak irudikatzen duen bizitoki moduko bat, etxe moduko bat [...]»

Sontagek erantzuten du Bergerrek irudikatutako istorio hori oso urruneko gizarte batekoa dela, gure gizartearen oso bestelakoa dena. Gaur egun, gurasoek ipuinak kontatzen dizkietela eta haurrek ipuinak eskatzen dituztela eta istorioak inprimatuta irakurtzen ditugula helduok.

Sarean jatorrizko bideoa ikus daiteke, baina ni, behintzat, paperean irakurtzen hasi naizen arte, ideien kateatzeaz zeharo jabetu gabea nintzen. Ez da nostalgia, paperaren boterea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA