Zaldibiako irakurle taldeko kroketa goxoak atzean utzi eta, Aitorrek beti begiratzera gonbidatzen gintuen Olaberriko gasolindegi inguruan egin zuen kotxeak aurrenekoz aquaplaning-a. Abiada murriztu nuen, kamioi erraldoiez inguratuta geunden eta ostegun iluntzeko euriak apenas uzten zuen Naiz irratiko elkarrizketa entzuten (nola hitz egin liburu baten inguruan hedabide batean liburua bera kaltetu gabe: hori zen funtsezko gaia).
Orduan jabetu nintzen, sarritan ebidenteena denak bazterrean geratzeko duen erraztasunarengatik, Anarik 1997an argitaratu zuen aurreneko diskoko aurreneko abestia kotxean egindako bidaia bati buruzkoa zela (Gaua da kotxean sartzen naiz, euri malkoak parabrisan eta ilargiak ez dit esaten ez non, norekin ikusten zaituen gau hontan), alegia, 25 urte beranduago argitaratuko zuen Gari eta goroldiozko nobelako trama guztia bezala: kotxe baten barruko bidaian txertatzen da liburu osoa.
Orduan lotu nuen, egun batzuk lehenago, Bilboko Alondegian proiektatutako Lur Olaizolaren Bariazioak filma (berau ere, Anariren nobela bezala, aitaren heriotzaren doluaren ingurukoa) kotxe batean bukatzen dela. Filmaren amaieran Edurne Azkarate bakarrik dago gidariaren lekuan eserita (kanpoan euria ari ote du?), aitaren jertsea jantzita, eta Goldberg bariazioak entzuten dira, Azkarateren emozioa ilustratzeko.
Alondegian geundela jabetu nintzen, Olaizolarena hirugarrenez ikustean, kotxea eta bakardadea zeudela ere Arantza Santestebanen 918 gau filmean. Ez nuke jakingo filmaren ze ataletan agertzen den Arantza bera, kotxe batean, grabagailu bati hitz egiten. Bakarrik dago, dokumentalaren off-eko ahotsa izango dena lokutatzen. Kotxea konfesatoki bat da, historiatik aparte dagoen kapsula hauskor bat.
Badakit egin daitezkeela ekologiari eta klaseari buruzko irakurketa asko kotxe pribatuaren inguruan. Baina bada, gaurko zein den jakitea lortu ez dudan gogoeta bat, psikologiaren eta poesiaren artean, gure Lagunaren diesela kabiarraren prezioan jartzear dagoen honetan, kotxean bakarrik —ala ingurukoak lo daudenean— ematen digunari buruz.