Egungo geopolitikarekin inolako loturarik ez duen zerbaiten bila egin nuen topo Koldo Izagirrek duela hamaika urte euskarara ekarri zituen Italo Calvinoren bi testurekin.
Aitortzen dizuet beti kokatu izan dudala Calvino, XX. mendeko Italiako idazle handietako asko bezala, komunismoaren lorratzean, banekien partisano gorriekin ibili zela baina ez nekien oso kontu ezagunetako bat, esaterako, sobietar tankeak Budapesten sartu zirenean 1956an PCItik aldendu zela (nire ezjakintasuna hain da nabarmena Elio Vittorinik Calvino idazlearen ibilbidean izan zuen garrantziaz ere ez nekiela deus).
Kontua da 1964an Kubara bidaia egin zuela Calvinok eta (nire ezjakintasunaren mugen zabalaren testigu) txikitan harena izandako etxeari bisita egin ziola. Alegia, Italo Calvino, XX. mendeko Italiako idazlerik unibertsalena segur aski, Kuban sortu zen. Hala itzuli zuen Izagirrek 1968an gaztelaniaz Calvinok idatzitakoa: «Badira hamar urte Kuba iraultzailea alai eta soil ageri dela mundura historian parekorik ez duen setioari aurre eginez, eta bere burujabetza gordetzen duela giza bizikidetza berri baten eraikuntzan. Opa diot Kubako Iraultzari bere garapenean bideak aurkitu ditzala herriak gero eta zuzenago har dezan esku boterearen kudeaketan. Mundu guztiak espero du sozialismoak sortuko dituela oinarritik datozen zuzendaritza moldeak; nire desiorik biziena da Kubako herriak, bere suhar iraultzailearekin, bide berri bat erakustea gainerako herriei».
Ez zen Kubako iraultzaz idatzitako bakarra eta, italierara 30 urte beranduago soilik itzulita argitaratu bazen ere, Ernesto Che Guevarari ere gorazarre egin zion.
Inperioak berriro Kuba larri zigortu nahi duen egunotan, merezi du testu laburrak osorik, hona pasarte soil hau dakart: «Ni hemen, neure estudioan jesarria, neure liburuen artean, Europaren bake faltsuan eta oparotasun faltsuan; neure lan lasaiaren alditxo bat hartzen dut, batere arriskurik gabe, arrisku guztiak bere gain hartu zituen hartaz, bake probisional eta itxurazkoa onartzen ez eta, gaur egin gabe utzitako sakrifizioa sakrifizio meta handiagoko batekin ordaindu beharko dugula sinetsia egonik, bere buruari eta gainerako guztiei sakrifiziorako espiritu gorena eskatzen zuen gizonaz idazteko».