Azken hamarkadotan, bi unetan bakarrik izan da Kuba arriskugarria AEBentzat. Lehena, 1962ko urrian misilen krisia gertatu zenean. Bigarrena, 1990eko hamarkadan Kubak laguntza eman zienean Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako gerrillei.
Aurrenekoan, Gerra Hotzaren garaian, AEBek igarri zuten Sobietar Batasunak Kubako basoetan jarrita zeuzkala AEBei begira zeuden misilak. Krisi diplomatiko larria sortu zen AEBen eta Sobietar Batasunaren artean. Sobietarrek misilak jaso beste biderik ez zuten izan. Bigarren kasuan, gaur egun ez da geratzen gerrillarik Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan.
Bi kasu horiek kenduta, Kuba ez da inoiz arrisku bat izan AEBentzat. Zergatik segitzen du Washingtonek Kubari enbargoa ezartzen, nahiz eta NBEren kide gehien-gehienek askotan eskatu zigorra bukatzea? Inpotentziak eragindako mendeku hutsa da.
AEBetako enbargoa inhumanoa eta inutila da. Inhumanoa, herrialde guztietan legez, kalterik handiena ez dielako agintariei egiten, oinezko herritarrari baizik. Eta inutila, ez duelako sei hamarkadotan lortu bilatzen zuena: herritarrei sufriaraztea, sistema politikoaren aurka altxa daitezen. Zaila dago, aitor dezagun, ezeren aurka altxatzea irlan.
Oso ekonomia inproduktiboa dauka Kubak, enbargoaren ondorioz deseginda daukalako ekoizpen ehuna, eta langile askori lanean jarduteko motibazioa falta zaiolako. Soldatak oso baxuak dira, eta prezioak soldaten gainetik doaz etengabe. Hori gutxi balitz, handia da merkatu beltzaren eragina. Etsigarria da ikustea estatalak diren supermerkatu batzuetan ez dutela bertako moneta onartzen: dolarra eta kreditu txartela onartzen dituzte bakarrik.
Azukre ekoizpenaren kanpo salmentan oinarritu da urteetan ekonomia. Azukrea jasotzeko makineria zaharkituta dago, eta, enbargoaren eraginez, ezin dituzte piezak erosi. Turismoak hartu zuen azukrearen papera. Pandemiaz geroztik erabat erori da turismoa, eta herritarren egoera oso larria da.
Premiazkoa da enbargoa kentzea.