Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Lagunak

2017ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gurpildun gurdiaren gainean kaiola handi bat. Barruan gizonezko bat. Soinean fardel erraldoia soilik. Ume handi kaiolatua dirudi. Kaiolako barrari eusten dio, zoriontsu, agidanez. Inguruan beste gizon zenbait, dozenatik gora. Bizkar emanda daude, eta noizean behin, ki-kuren bat egiten diote. Kaiola barruko gizonezkoak barre egiten du orduan, eta inguruan dituen dozenaka gizonek trufa egiten diote. Berak gustura hartzen du, nonbait. Zoragarria da bizitza. Lantzean behin plastikozko banana bat edo garagardo bat ematen diote, orduan fardeldun gizona katuen zeruan dago. Soltero despedida da. Super dibertigarria. Kaiola barruko gizonaren ingurukoak bere lagunak ei dira. Horrelako lagunekin, nork nahi du areriorik?

Aitortzen dut nik ez ditudala soltero despedidak maite. Anakronikoak iruditzen zaizkit. Ez diet zentzurik ikusten. Ez ezazu pentsatu lagun arteko afari edo bazkariak maite ez ditudala, are gehiago, izugarri maite ditut. Hauek gauzak, baina, ikaragarri krudelak iruditzen zaizkit okerrenetan; eta onenetan, berriz, erridikuluak. Ez dut ulertzen zergatik gutxietsi behar dugun nor eta, ustez, maite dugun norbait. Mendeku txikiak ondorioak izango ditu, noski; izan ere, hurrengoak ezkontzeko asmoa agertzen duenean badaki kaiola bera izango duela zain. Eta kaiola ez bada, kaiolak beste gutxiespen eragingo dion zerbait. Hau, baina, txantxa da, lagun arteko bromak. Esan nahi dut, gure gizartea ezer bada bihotz zabala da, eskuak beti emateko gertu. Errespetuan ere txapeldun gara. Eskarmentua daukagu tolerantzian eta anaitasunean. Kaiola barruko mutila ikusten nuelarik pentsatzen nuen zenbat herra, zenbat zabor daramagun barruan. Edozein aitzakia txiki eta gure baitan bizi den munstroa boteretsuaren tiraniaz jantzirik ateratzen dugu, bihotza ausiki barik. Eta hau dena babesgunea omen den lagun artekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.