Iñigo Aranbarri.

Lanbasa

2026ko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Andre bat belauniko uztailean, ez gaztea ere, zoru marrusketan. Turista bi, hondartzarako bidean, harridura irriz: «Lanbasa aspaldi dago asmatua ba!». Berez, lanbasa barik, «fregona» esan du bietako batek, gazteleraz. Eta urrundu direlarik, «inbentoa espainola» dela eransten baino ez dut aditu. Ez dabil oker, horrexegatik deritzo frantsesez balai espagnol franko bazterretan.

Manuel Jalon ingeniari eta militarra jotzen da asmatzailetzat. Chicagoko base militar batean zelarik, hangarrak nola garbitzen ziren ikusita otu omen zitzaion. Eta hala, 1956an ekin zion Jalonen Rodex enpresak tresna erreskadan egiteari. Hala sortu zen fregona hitza. Cervantesen garaitik, garbitzen zuen emakumeari laguntzen zion, adjektibo gisa beti. 2001ean onartu zuen RAEk substantiboa. Hizkuntza aldetik, miragarria da metaforaren logika izen berrien sortzeko.

Auziak badu beste buztanik, ordea. Hiru urte lehenago, Julia Montousse eta Julia Rodriguez-Maribona ama-alaba asturiarrek erregistratua zuten asmakizuna, andreei nekea arintzen eta behegaina duinago garbitzen laguntzen ziena: zatar-zerrendei loturiko haga eta kono zulatua zeraman baldea (34.262 zenbakidun onura-eredua deitu zuten). Bere izenean patentatu zuenean egin zen Julia bien asmakizunaren jabe, ordea, Manuel Jalon.

Euskaraz lanbasa deitzen zaio, oraindik ere, hainbat tokitan. Baporeak eta potinak garbitzeko palu moltsodunari deitu izan zaio horrela; lanpazo gazteleraz. Pertsona lotsabakoa da lanbasa Eusebio Erkiagaren obran, eta lanbasa da, egun, edanari lotua, atxurra, melokotoia, kakota, katua edota ximinoa. Eta noski, ezin laga aipatzeke Jon Alonsoren nobeletako Enekoitz Ramirez, Lanbas, ezer gutxiren garbitzaile baina zikinkeria anitzen erakusle.

Horra bada tresna, dantzatu aldiro, hizkuntzaren bideak eta patriarkatuaren logikak agerian uzten dituena. Turista ergel biei, artikulua zor diet. Zorua belauniko garbitzen ari zen emakumeari, berriz, haur nintzeneko estanpen berritzea eta helduari dagokion gogoeta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA