Blanca Urgell

Landareak eta 'plantoia'

2025eko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Larunbatean loreak landatu nituen: errazenera jota, petuniak eta surfiniak gehienbat. Gaur edredoia tindategira joan da. Aurten ez dut guztia abuztuaren baterako utzi, azterketak oraindino mahai gainean izan arren.

Ondo begiratuz gero, edredoi hitz bitxia da: mailegua dena nork ukatuko? Eta ez bakarrik gazt. edredón eta fr. édredon-dik hain hurbil izateagatik (Iparraldean ezohikoa omen, ordea: ikus Nola erran hiztegia).

Lehen zantzua dr taldea da, lehenagoko euskaldunek ezin ahoska zezaketena. Hortik Maria Jesusena Azpeitiko abadesak (1622) perdikatu idaztea —eta esatea, noski—, eta Axularrek (1643) garazia. Kultismoz kultismo (sermoirik sermoi ere bai, alafede), dre, gra eta pre are ahoskatzen ere ikasi dugu.

Bigarren zantzua -oi diptongoa dugu, aski arrotza, -koi atzizkian izan ezik (herrikoi, berekoi). Hala bada, zergatik edredoi eta ez edredon? Ez dago-eta hor ahoskaezinik.

Bi erantzun behar ditu horrek, bata bestearen ondoren. Erdi Aroan bokal arteko n guztiak galdu ziren: adibidez, erdal leku-izen n-dunak euskal izen zaharrak izan ohi dira: Lazkao / Lazcano, kasu. Hori dela eta, -one bukaerako maileguak -oi bihurtu ziren (e > i beste batean azaldu beharko) eta, harrezkero, halakoen kopurua etengabe hazten ari denez, -ón > -oi bihurketa lege bilakatu zaigu hizkera gehientsuenetan (eta batuan).

AAri eskatu diot erdaraz -ón-ez amaitzen diren 50 hitz. Tramankuluak berak jo du horietatik hamabi euskaraz -oi-dunak direla: kamioi, baloi, montoi, botoi, bonboi, kanoi, saltxitxoi, kaxoi, dragoi, patroi, lehoi, eskorpioi. Niri hogei atera zaizkit. Zeren eta, nahiz berak menderatzen dituen hiztegietan agertu ez, ez baitago Euskal Ikasketak gradua ikasi beharrik mamoi halakoa! esateko, ezta plantoia emateko ere.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.