Pozik joango zinen —esateko modua da, ez zarelako guretik sekula joango—, Larruti maitea, igandean lagunok Zarauzko beilatokian egin genizun agurrarekin. Zure izaera zabal eta atseginaren erakusgarri, polita izan zen ikustea han zirela betiko lagunak, eta baita garai batean lagunak izan eta gaur beste inguru politikoetan daudenak ere. Gaur egun oso gutxitan ikusten dena.
Berandu ohartu ginen akats bat egin genuen bildutakoek, ahaztu egin zitzaigun zure ezaugarrietako batekin joatea: lore koloretsua ile artean jarrita. Zure irudi bereizgarria eta oso pertsonala, beti zurekin eramango duzuna. Ederra izango zatekeen egon ginenok zure antzera joan izan bagina...
Hil berritan nabarmendu dituzte zure dohainak batean eta bestean, beraz ez ditut nik hemen errepikatuko. Gainera, zu ezagututa, seguru nago nahiago duzula zutabe barre-eginarazlea, serioa eta merituz betetakoa baino. Zure nortasunaren bi puntu nabarmendu nahiko nituzke, hala ere. Lehena, ikonoklasta aparta zinela, konbentzio guztien aurkakoa. Bigarrena, independentea izatea, etxe politikotik kanpo, noski, baina baita etxe politikokoekin ere. Zure irizpidea zeneukan, eta ez zinen agindu bete zalea. Buruhauste bat baino gehiago ekarri zizun jarrera horrek, baina eutsi egin zenion.
Igandeko ekitaldian bildu ginenetako batzuek ez genekien datu lazgarria eman ziguten: egindako tortura gogorren ondorioz abortua eragin zizuten, zure eskubideak zaindu beharrean torturatu zintuztenek.
Donostiako Zinemaldiaren atarian gaudela, nork eramango du aurrerantzean Donostiako Alde Zaharrean eta inguruko zinema aretoen zuk —eta zure ondoko Agurne bereizezinak— bezain dotore Zinemaldiko akreditazioa paparrean zintzilika?
Lagun onekin egiten den bezala, ez dugu ezabatuko zure zenbakia mugikorrean.
Muxu handiak, Larruti, desperdizioen partetik.