Hedoi Etxarte

Legea da

2024ko urtarrilaren 27a
05:00
Entzun

Aste berean gertatu da dena. Bilboko alkateak astelehenean irratian esan zuen Bilbon manifestazio gehiegi egiten dituztela. Manifestazioek kapitalaren logistikan arazoak sortzen ditu. Juan Mari Aburtok proposatu du espaloitik egitea protestak. Adierazpen horiek egin eta gutxira, atzo, Bilboko udaltzainek pertsona bat etxegabetu dute Aburtok zuzentzen duen hirian. Etxegabetze horren kontra ari zirenak jo ditu Ertzaintzak, eta pertsona bat atxilotu du. Udal poliziak egindako etxegabetze hori, euskal poliziak jendea jotzea eta protesta baketsu batean ari direnak atxilotzea erabat legala da Bilbon eta Euskal Herri osoan.

Aste berean epaitegiek Elizari arrazoi eman diote, Zestoan ere milaka metro koadro huts hautsa hartzen dauzkaten arren, ezin dituzte batzuk utzi gaztetxe bat egon dadin. 70.000 euroko isuna jarri die epaileak gaztetxeko bi kideri. Legea, jabetza pribatuarena, poliziarena, elizarena, Estatuarena, beti dago jende xehearen aurka. Zestoako gazteek paper batzuk bota zituzten elizan, beren ikuspuntua adierazteko eta, antza, herriko higiezinen jabe handienetakoaren ofizioa eten zuten. Unibertsitateetako campusetan polizia egotearekin arazorik ez duten zenbait arima izugarri larritu ziren ekintzarekin: paper batzuk eliza batean botatzea erlijio askatasunaren kontra egotea omen da. Ezetz uste dut nik, are aurkakoa, EHn dugun krisi sakonak harremana duela protesta alde batera uztearekin. Eta protesta diodanean ez naiz ekitaldi zaindu eta ederrez ari, normaltasunarekiko kalterik sortzen ez dutenez ari, ez, buruan dut ostiralean ELBko laborariek Baionako portua blokeatu dutela traktoreekin eta beren gorputzekin.

Ez legoke euskarazko eskolarik, aborturik, 40 orduko lan-asterik, doako osasungintzarik, sindikatze librerik, argirik kaleetan eta espaloirik protesta gogaikarririk gabe. Legearen aurka egotea ez da iraultzailea izatea, egunkariak irakurri eta pixka bat erreformista izatearekin nahikoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.