Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Leihoko azken kafea

2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Heroinak Iruñeko Alde Zaharra zeharkatzen zuen eta Maria Oroz Espilak, orduko bikotekidearekin, Leiho kafetegia ireki zuen Xabier karrikan. Ez zekiten euskaraz, baina nahi zuten euskarazko izen bat esateko lagunei zabalik zegoen leiho bat zela, munduari begira zegoena. Garai hartan Oloriz harategia zegoen parean, orain kebabak egiten dituzten lokalean, ondoan Karrikiri elkartea eta denda.

27 urte zituen 1985ean, ireki zuenean; gaur, 65 dauzka eta jarriko ditu azken kafeak, infusioak eta bixkotxak, astelehenean ez du irekiko. 1991n, orduko bikotekidea eta biak banandu eta erosi zion bere partea, eta ordutik bakarrik ekarri ditu Iruñeko Alde Zaharreko kaferik eta gozorik goxoenak. 1996an hasi zen opilak egiten, ordura arte pare bat bixkotx erosten zituen egunean, gero saltzeko, eta opil batzuk. Ixteko egunaren bezperan txokolatezkoa zuen, sagarrezkoa, brownia, euskal pastela, intxaur, mahaspasa eta azenarioarena, marrubi eta txokolatezkoa, hurrena, laranjazkoa, almendrazkoa, eztiarena, gazta, laranja eta txokolatearena, kanela eta txokolate kurruskariarena eta mami, intxaur eta eztiarena. Bizkotxak zerenak ziren banan-banan esan didanean, nabarmendu dit gaur gutxi dauzkala.

Sanferminak ez zitzaizkiola gustatzen, Estafetako entzierroarekin harrapatuta geratzen zela, eta 55 urte bete zituen arte, bere lorategiko mendafinarekin mojitoak egin zituen gauetan. Nabarmen esaten du Iruñeko Hizkuntz Eskolako ikasleak izan direla bere arnasa ekonomikoa.

Atzera begiratu du, 14 urterekin lanean hasi zenean Guelbenzu karrikako Porcelana Franco Españolan, eta han bi urtez aritu ostean nola lan egin zuen Boutique Hierba dendan, arropa saltzen.

Bezero guztiek esaten diote agur, hilabete luzetako despedida izan da. Halako zenbat ixten diren, ze gutxi ireki... Aste berean jakin dugu Arrasateko Olgeta itxiko duela Itsaso Pagoagak eta jarri du azken kafea Maria Orozek Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.