Donostiako Bulebarrean badago turismo bulego bat, hiriaren eta inguruaren informazioa ematen diena kanpotik bisitan iristen direnei. Turismo bulego horretan lan egin ahal izateko hizkuntzak jakin beharra dago, gaztelania, euskara, ingelesa edota frantsesa. Eta zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, logikoa denez, errazago lortuko du lanpostua nahi duenak.
Bururatu al zaio inoiz CCOOko afiliaturen bati bulego horretako lanpostuak betetzeko deialdiari helegitea jartzea, argudiatuz ingelesa ez dakiten herritarrek ezin dutela lanpostua irabazi, eta diskriminatzailea dela ingelesa eskatzea turismo bulego horretan lan egiteko? Ez, sekula ez. Denok, baita CCOOko afiliatuek ere, ondo ulertzen dugulako turismo bulego batean lan egiteko hizkuntzak jakin behar direla.
Eta orduan zergatik jartzen dizkiete helegiteak CCOOko afiliatu batzuek euskara jakitea eskatzen duten lan deialdiei? Onartzen dute turismo bulegoan ingelesa eskatzeak ez duela aukera berdintasuna urratzen, eta, aitzitik, lan deialdi publikoetan bai, urratzen da aukera berdintasuna? Bertako hizkuntza eskatzearen aurka jotzen dute eta kanpoko hizkuntza jakitearen aurka ez? Zer dago helegite horien atzean benetan? Aukera berdintasuna edo gaztelaniaren nagusitasunaren aldeko jarrera neopatriotikoa?
Zergatik hartzen dute CCOO bezalako klase sindikatu baten afiliatuek eskuin muturreko Manos Limpias pseudosindikatuarena zatekeen jokabidea?
Eta epaileek? Atzera botako lukete, aukera berdintasunean oinarrituta, Donostiako turismo bulegoan lan egiteko deialdia, ingelesa eskatzen dutelako? Zutabegile honek ez du uste.
CCOOk ulertu behar du ezin duela esku batean Korrikaren lekukoa eraman eta beste eskuarekin helegiteak sinatu. Nahiz sindikatuak berak ez dituen helegiteak jarri.