Hedoi Etxarte

Lerro jarriak, hitz etena

2026ko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den larunbatean Gasteizko gaztetxean, Brecht gogoan, «oso berria eta oso zaharra den zerbaiten» lekuko izan nintzen. Udaberriko hotza, tabako erretzaile gehiegi inguruan, jende guztia beltz zorrotzez eta euritik babesteko plastikoa gure buruen eta zeruaren artean: Lerro jarriak, Euskarazko Bataila idatzien Norgehiagoka.

Aurki lau hamarkada beteko dituen gorputz honek estreinakoz izan zuen artean euskaraz zerbait berriaren testigu izatearen sentsazioa. Besteren batek salatuko du ezetz, hor ez zegoela ezer benetan berria zena, abeslari horiek beste lur batzuetan egin dutela garrasi, bazirela aurrekariak, erreferentziak oso zirela aspaldikoak: Lurdes Iriondoren bandana eta Gata Cattana, bat-hiru-bat-bi eta Public Enemy, soinu mahaitik tiroak eta sirenak, platerak eta mikroak, argi gorrixkak eta kanuto-kea, zerbezak eta gorrotoak.

Aurkezleek ekitaldia hip-hoparen zuhaitz genealogikoan klonatu zuten, baina lerro hauen irakurleek honezkero ezagutzen dute falazia metabolikoa. Eta inon ohikoa bada falazia hori, artean da. Baina ni gero eta tautologikoagoa naiz: zerbaitek merezi badu, berdin da nondik heldu den eta nori egiten dion gurtza, nork piztu behar duen Batan eta non dagoen Adurtza.

Rapp&Sodas eta Lege Martziala: Luther Blisseten tradizioaren onena, euskara salbatzeko kloroformozko solasaren partez Arestiren maxima (euskara eta bakearena ez odoluzkiarena).

Ze eszenatokira Izzi Rainbow igo zen, baina hor Kae Tempset-en gupidarik gabeko lerroak irakurri nituen nik. Zoragarri Linton Kwesin Johnson baina Durangoko zakurren zerrikeriez jakiteko ezinbestean betaurrekoen atzeko Peio Edukizar.

Lau ordu adi euskaraz entzuten ez dugula euskara nahi gu baino zapalduago dauden migranteei kafe latteak eskatzeko, etxegabetzeko. Lau ordu banketxe izenak dauzkaten prekaritatearen jaialdiak erre guran, foru aldundien kultur sustapenaren mitologiaren kontra. Lau ordu hizkuntza puskatzen. Lerro jarriak, paper zikinen atzean idatziak. Lilith Selektah, «ongi egindako gizateriaren potreta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA