Irratia piztu eta futbola dago programa kulturalaren ordez. Realak agintzen du. Maitane Urbietari entzuten diot, bada: aukeran ez da txarra. Nahi nuke haren jarioaren erdia baneuka. Euskararen historia kontatzen ari naizenean akaso. Ezta. Erdia ere ez.
Egun luzea izan da. Afaltzerako ordubete eskas. IXA taldearekin zerikusirik ez duen beste ixa horretan ze berri, eta dena da holokaustoa. Betoia eta haren armadurak non-nahi. Arre bihurtu da Gaza, odola ez darionean. Bideo horiek: arrez margotutako umeak, ume zaurituak, ume hilak. Picassoren Gernika-ko emakumearen oihua. Munchen Garrasia. Aitaren besoetan alaba konortea galduta, aitaren besoetan abandonatua, betiko galduta. Amaren besoetan semea, ukitzen duena, musukatzen duena, marruskatzen duena.
Palestinaren egun hauetako historia letra larriz idazten ari da. Inoizko larrienez. Gogoak babeslekua bilatzen du letra larrien izenean. Orotarikoak Mitxelenaren adibide bat baino ez dakar. Ez zuen berak asmatuko, halere. Ostera, huts egin dut nire lehen hautuan: Plazido Mujika ez da; berak jesus-izki eta izki aundi proposatu zituen, 1987ko gaztelania-euskara hiztegiaren arabera. Xabier Kintanak majuskula dakar 1977ko ospetsuan. Hona lehen aztarna: Lopez-Mendizabalen hiztegiaren 1962ko laugarren edizioan izki larri ageri da. Segituan Ines Pagolaren Neologismos en la obra de Sabino Arana Goiri-ra jo, baina hemen halakorik ez. Ordainetan, ikasi dut izki Sabinorena ez balitz, Arriandiagarena litzatekeela, edo honenak aurrizki eta atzizki gutxienez.
Beti ikasten da zerbait. Salbu eta sartuta gabiltzan egoera hits honi nola aurre egin.