Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Liburuak, errentagarritasuna, klasea

2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
EHko liburu-dendetako langileen soldata lehen hezkuntzako langile batenaren erdia da. Argitaletxe askotako langileek zerbitzariek baino gutxiago irabazten dute, beste batzuek gehiago, baina bakarrak ez ditu DBHko irakasle baten lan baldintzak. Euskarak 800.000 hiztun omen ditu, 200.000 funtzionario daude EHn (poliziak eta erdaldunak kenduta, demagun 100.000). 8.000-12.000 ale saltzera irits daiteke euskarazko fikziozko liburu bat, hogei bat idazle daude 3.000 aletik gorako liburuak saltzen dituztenak, baina nahiko ohikoa da, lehenengo urtean, 1.000tik gora saltzea bereziki ezaguna ez den idazle baten nobelak: azken datu hauek helduen narratibari dagozkio eta jatorrian euskaraz idatzitakoari.

Helduen literatura itzulian guztiz bestelakoa da argazkia, lehenengo urtean, salbuespenekin, 200-400 ale saltzen dira. Diru-laguntza funtsezko bakarrean, iaztik, itzulpenak penalizatuta daude: Annie Ernaux ala Nanni Balestrini ez zirelako EHn jaio. Euskal sistema literarioaren gauza esplikaezinetako bat da jatorrizkoen eta itzulpenen arteko desfasea, irakurri Babelia ala Le Monde des livres, alderatu munduak Paris eta Madrilen duen tokia eta gurean duena (lau hedabide salbuespen ez da notizia ere izaten), DBHn Siddhartha irakurtzen dute Lenguan, Ostegunak Euskaran.

Sarritan iruditzen zait, eztabaida hauetan, honezkero engaiatuta daudenen artean errieta egiten diogula. Ez dut uste Zupiria, Txibite eta UGT guztiaren errudun izendatzearen kirol aspergarrira jokatu behar dugunik ere. Galdera da noiz interpelatuko ditugun lankideak, auzokideak, euskara txukun jakiteari esker irakasle, administrari, kultur teknikari diren hamarnaka mila klase ertaineko euskaldun horiek, ia noiz irakurriko duten Aturritik iparraldera eta Ebrotik hegoaldera idatzitako literaturatik zerbait euskaraz. Ia noiz utziko dion Bigarren Hezkuntzako irakasle kultuen gutxiengo horrek ikastetxeko arraroen talde seinalatu izateari, sal daitezen 650 Mishima urte batean eta ez 250.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.