Hiruzpalau egun dira Martera bizitzera joango ote nintzatekeen galdetu zidatela, lagun arteko horietako batean. Atoan erantzun nuen ezetz. Pentsatzeko tartea hartu, eta berretsi egin nuen kolpean esandakoa. Elon Muskek urte batzuk barru Marten kolonia bat ezar lezaketela uste du, eta garbi esan du latza izango dela han bizitzea. Muskek esan baino lehen ederto ondo dakit nik oso lurtarra naizela. Lurtar bezain urtar, urak lasaitzen bainau bere adierazpen guztietan. Benetako patxada, baina, lur artean eskuak lohitzen ditudanean lortzen dut. Batzuetan, ordea, hirian urrun sentitzen dut lurra, ni ez nagoen nonbait, zementuak dena okupatuko balu lez. Ez ei naiz bakarra. Ezagun batek esan dit hiriaren kanpoaldean ortu bat alokatu duela. Berdin zaio zer erein, kontua da lurra ez duela sentitzen, eta sentitu nahi du. Zinez ulertzen diot.
Anna Heringer arkitekto ospetsuari egindako elkarrizketa ostean argi geratu zait bera lurtarra ez ezik lurzalea ere badela. Arkitektura lanak egiten dituela esatean labur geratuko nintzateke, bizitza moduak ahalbidetzen saiatzen baita. Lurra da erabiltzen duen eraikitzeko materiala. Merkea eta amaiezina dela esaten du Heringerrek, baina ez duela aberastasun ekonomikorik ematen, eta bizi garen planeta ahitzen ari garela batere eramangarriak ez diren materialekin batzuen sakelak betetzeko.
Munduan populazioaren %40 bizi da lurrez egindako eraikinetan. Lehenago ere egin izan dira lurrezko eraikinak, eta batzu-batzuek diraute zutik: Granadako Alhambrak edo Maliko Timbuktu hiriak. Anna Heringerrek dio datozen belaunaldiei utzi behar diegula planeta bat. Lurrarekin eraikitzeak horretan lagun dezake, etorkizuna aintzat harturik eraiki behar delako oraina. Oraina eta geroa. Lurretik gatoz eta lurrera joango gara, dio Anna Heringerrek. Hautsaren gainetik gara lur, eta lur izango gara. Goxo har zaitzala lurrak, osaba.
LARREPETIT
Lurraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu