Bekainak gora, irribarrea loratu zaio Maisu Trumpi: «Zeinen ingeles ona duzun! Polita zinez! Non ikasi duzu? Liberian?». Peru Beltzek Joseph Boakai du izena, Liberiako presidentea da: «Bai jauna». «Deigarria benetan! Ingeles zoragarria duzu!». Ipuinetan legez, hirutan goraipatu du Maisu Trumpek Boakairen berbakera. «Mahai honetan bada hain ondo egiten ez duenik, hemengoak izanik ere». Maisua ezjakina izatea, gertatzen da. Baina dituen hamaika aholkularitatik inork ez ohartaraztea Liberiako hizkuntza ofiziala ingelesa dela, galanta da.
Afroamerikar esklabo askatuek sortu zuten Liberia XIX. hatsarrean. 1847tik independente, Afrikan eratu zen lehenbiziko errepublika da. Hiriburuak Monrovia du izena, James Monroe estatubatuar presidentearen omenez, eta bi banderak ere, elkarren irudi dira. Egun ere, liberiar askok du harreman esturik Estatu Batuekin. Hortxe aurkitu du ikatz arteko urrea Maisu Trumpek.
Maisu Trump ez baita gramatikaz ari. Zuzentasunak baino, ebakerak harritu du. Bere burutxo elebakarrak ontzat hartzen duen moldean sartzen den eredua topatu izanak balditu du, non eta Peru Beltz afrikarren artean! Baina, tamalez, asto egiten duena ez da soilik Liberiaren historia ez jakitea. Ahoskera bat goratzea gainontzekoak kakazteko arrunt usadio errotua da maisu klasisten artean; nola ez duzu hori izango neurria, dena delakoagatik, hasieratik baduzu menostua Peru Beltz. Han eta hemen, geografiak, administrazioak, hezkuntzak eta hedabideek ebakera neutroaren fantasia sortu dute, mendeetan hiztun onaren eta txarraren arteko neurria ezartzeko.
Zerbait badakigu honetaz, orain Peru Beltz eta orain Maixu Trump garen herri honetan.