Luis Haranburu Altunaren hitzetan (2013), Aitzolek ezarritako euskal literatura klasikoaren kanonean sartzeko «idazleak kultista izan behar zuen hizkuntzaren aldetik eta integrista bere idearioaren aldetik».
Aspaldi daukat nik ere susmoa laikoak, besterik gabe, gaitzetsiak izan direla. Bestela, nola azaldu Ulibarri, Iztueta eta Oihenarten «bekatuak» edonork gehiago eta hobeto ezagutzea, beren onurak baino?
Oihenart kultista dugu: gure Gongora da batzuetan. Euskalari aparta ere bai. Eta, halere, garbizalekeriatik iheska zetozenek hitz-asmatzaile sona ipini zioten. Vade retro. Hau gailendu zaio beste edozeri.
Izan ere, ez da gezurra: aski da atsotitz eta neurtitz ederrak gogoratzea. Hitz-asmatzaile aparta ere bazen, beraz. Halere, jakin nahiko genuke «Oihenarten burmuin burutsutik jaiotako historiarik gabeko munstroak» (de Rijk 1998) ote diren bere adizkietako batzuk. Mitxelenak (1953) bost bereizi zituen: donhetsa ‘onesten du’, duzkizu ‘utz dezakezu’, dedetezuna ‘edekitzen diezu’, neroske ‘erosiko nuke’, nigorra ‘igortzen nau’.
Artean, ale gehiago aurkitu dira, benetan jokatzen ziren seinale: baledeco ‘edeki lekioke’ Isastiren atsotitzetan, kasu. Beste batzuek susmagarri jarraitzen dute, ordea, guztiz aditzoin osoaz eratuak —donhetsa, derahatza (aha(n)tz-etik)— (ik. Ariztimuño 2023). Haatik, nirtean ‘irteten nintzen’ oparitu digu Estibaliz Sasiolak, hots, aditzoin osoaz osatutako beste adizki bat.
Begiak zorroztea betiere on da zientzian. Kontua da guztiei langa bera ipintzen zaien. Gera gaitezen Oihana Bartraren galderarekin (2021): «Hartu ezazu umorez / ta ez berbak halan gordez / baina zuzenki esan eidazu / zuk maite nauzun edo ez».