Irakurri berri dut Fred Halliday ikerlari irlandarrak 1979ko abuztuan The New Statesmanen argitaratu zuen pieza, Irango xah kanporatu ostean. Errebolta gertatu berritan, urte luzez xahren basakeria gordinena jasan zuten langile mugimenduko erakundeek, komunistek, ezkertiarrek, guardia iraultzaile islamikoaren errepresioa jasaten zuten honezkero. Oraindik dozenaka mila militante zeuzkan orduan bertan Tudeh alderdi komunistak, baina kaleetan nonahi irakur zitekeen heriotza komunismoari, heriotza fedajinei. Artikulua nardagarria da, xahk suntsitu ezin izan zuena sarraskitu zuten islamistek hasieratik: liburu-denda ezkertiarrak erretzen, militante sozialistak bigarrenez eta heriotzaraino torturatzen.
Eta berez, ordea, Mikael Faujourrek Le Monde Diplomatique-n argitaratu duen pieza ekarri nahi nuen gaur. Bitxia da ze, iruditzen zait, ongi legokeela Frances Stonor Saundersen CIA eta gerra hotz kulturala liburua gaur egunera ekartzea. Besterik ez bada, inperialismoak agenda estetikorik ote duen jakiteko, ea interesa baduen merkantilaz aparte formarekiko eta edukiarekiko. Diot ze, Estetikaren politika bat artikuluan Faujourrek niretzat zeharo ezezaguna den arte plastikoen episodio bat ekartzen du. Ñabardura antzematen zaion José Gómez Sicre arte komisarioa aitzakia hartuta, azaltzen da nola margogintzaren negozioa orientatu zuten baliabide logistikoak, ekonomikoak eta diplomatikoak zituztenek, Hego Amerikako artea paradigma abstraktu ala abstraktuzale batera bideratzeko. Abstrakzioa «eduki sozialik eta politikorik gabeko» gisa zabaldu zuten 1940tik aurrera. Garai berekoak dira AEBen eraso inperialistak Costa Rican, Guatemalan, Kuban, Brasilen. Eztabaida ez da berria, nahiz eta, irudipena daukadan, euskal artean pendiente dauden eztabaidetako bat ere badela: zergatik ote diren XX. mendeko euskal ikono nazionalenak logotipo bilakatutako abstrakzioak (ze Oteiza ala Txillidaren xafla puztu diren eta ze Ibarrola ala Zumeta zokoratu eta zergatik).
Uste baino garaikideagoa da gaia, masakreen, gerra zibilen, diktaduren, esplotazioaren garaia delako berdin gurea eta, antza denez, Jackson Pollock fenomenoa ez zelako espektakulu isolatu bat izan.