Mendian gora, honezkero belarrik ere ez zegoen nahiz eta ardi gorotzak bai eta, agian horregatik, Amurizaren bertsoak etorri zitzaizkidan kolkora, ahots inpostatuarekin Imanolek abesten zituenak: ahuntzak haitzean dabiltza.
Aitortzen dut irailean bi urte egingo dituela elkarrekin tontorrak egiten hasi ginenetik eta nik oraindik ez dudala ulertu maldekiko zaletasuna, nahiz eta gurasoekin eta anaiarekin haurtzaroko larunbat, igande eta oporraldietako asko horretan eman genituen. Zergatik igo Linzako pistetatik Petretxemako leporako igoera hori, zertarako ez bada maldaren erdian zaudenean Atxeritoko bidea nabarmen ikusteko, basoa non bukatzen den, artzainaren etxola non dagoen, nola hasten den berriro basoa, non dauden ia hormak diren arrokak. Igotzen ez dugun tontorra ikusteko balio du ahaleginak, egiten ari zarena bainoago egin zenuena ikusteko. Urumearen eskuin ertzetik Donostian paseatzeak bezala: ez du axola zure etxea nolakoa den, eseri zaren bankuak zer itxura duen. Axola du beste ertzean ikusten duzun eraikinak merezi duen, parekoa ikusten dugu eta ez gu geu.
Kopeta eta bizkarra izerditan nituen, bidearen arrastoa ikusten ez genuenez zuzenean tontorrerantz jo genuenean. Bikotekidea nabarmen aurreratu zitzaidan eta non zegoen ikusi nahian, gu bion artean iruditu zitzaidan Caspar Friedrich margolari erromantikoaren Das Eismeer ikusten nuela. Hortik aurrera dena egin zitzaidan diferentea. Lurrera begiratzen nuen eta harri puska bat Portugalgo mapa geografikoa iruditzen zitzaidan. Hodeiei begiratzen nien eta Bluey eta adarbakar baten puxikak zirela iruditzen zitzaidan. Enbor okerreko zuhaitz bat ikusten nuen pagadian eta Friedrichen beste koadro bat zetorkidan burura. Lapakiza tontorretik behera Euskaldunako oilategiko azken aulkietatik ikusi genuen opera hartan kantarien eta gure arten zegoen zuloaz oroitu nintzen. Gero Friedrichen beste margolan ezagun batzuk etorri zitzaizkidan, berez nik, Txaikovskiren, Wagnerren, Beethovenen eta konpositore erromantikoen diskoen azaletan ezagutu nituenak.
Eta hala gurutzatu zitzaidan aurtengo Auñamendietako lehenengo tontorra, iazko egunotan hona ekarri nuen Friedrichekin, bizitzako ia guztia bezala, oharkabean.