Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Minaren bizipoza

2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arima inarrosten zidan anabasa baretzen zuen pintatzeak» zioen Niki de Saint Phallek. Aristokrazia kumea izan zen artista. Aita, frantsesa; ama, berriz, estatu batuarra. Amarekin hartu-eman katramilatsua izan zuen. 11 urte zituela aitak bortxatu zuen, atera kontuak zelakoa izan zen euren artekoa. Daddy film luzean, eta, Mon secret liburuan aitortu zuen jazo zitzaiona. Aristokraziako emakume batek izan beharko lukeen bizimodua eraman zuen Jackson Pollock margolaria eta Simone de Beauvoir idazlea ezagutu arte. Orduan, bizitza aldatu zuen. Barruko ezinegona sormen bilakatu zuen. Pintura, grabatua, zinea, performanceak, eskultura, edota, Toscanan eta Kalifornian Gaudíren Guell parkean inspiratuta sortu zituen parkeak.

Artista erabat politikoa izan zen Niki de Saint Phalle. Merchandising izugarria eragin zuen, eta horrek gutxiespena ekarri zion. Denborarekin onartu egin zuten, piztia politikoa zen aldetik. XX. mendeko lehen artista feminista da. Nanak, horren adibide bat. Eskultura erraldoiak dira; emakume eder, potolo eta erotismoz beterikoak. Emakumearen berdintasuna heldu arte emakumeak erraldoiak egingo zituela adierazi zuen behin, konpensatzeko. Nanak liluragarriak dira, euren kolore bizietan, euren erraldoitasunean. Min egin zion maitale bat izan zuen Happening sortaren pizgarri. Maitalearen alkandora hartu, diana batean paratu eta karabina batekin tiro egin zion. Askagarria izan ei zen. Hainbeste, sorta osoa asmatu zuela. Igeltsu eta margoarekin egiten zuen tiro sormen-lan ikusgarriak eginez. «Artista bihurtu nintzen, beste alternatibarik ez nuelako. Beste garai batzuetan, bizitza osorako zoroetxea izango nuen». Haren bizitzak erakarrita eta, batez ere, Nanak zuzenean ikusteko gogoz joan egin nintzen Guggenheim museora. 200 bat lan bilduak dituzte Niki de Saint Phalleren atzera begirako batean. Museoan galtzeko abagune ederra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.