Julio Soto.
LARREPETIT

Minuskulaz

2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Kupidok orduak eta orduak igaro zituen bere arkutxo eta geziekin jolasean; harik eta geziak nahi zituen bihotzetan sartzeko abilezia eskuratu zuen arte. Orduan erabaki omen zuen Parisera joatea. Izana zelako aurretik bisitan, eta hiriarekin maiteminduta itzuli zelako. Han sortu omen zituen ezti puntadun geziekin jotako lehengo bikoteak. Geroztik, maitasunaren hiriburu bezala ezagutzen dugu.

Ederra baita Paris, kolore berezia baitarie kolore hila duten palazioei, berdeago baitakusazu gainontzekoetan bezain berdea den pasealekuetako belarra.

Bizikletak eraman ninduen Sena ertzetik, eta Parisen egun guztiak berdinagoak diren arren, ostiralak eta eguzkiak jendez bete zituen bazterrak. Harritxoen gainean, hanka puntak uraren azalean zintzilikaturik, bikote edadetu bat valsa dantzatzen, gazteak borobilean eseri eta zerbezak irensten, pintoreak... Aurrean Eiffel dorrea, atzean Notre Dame.

Urari segika, zubien azpitik igarotzen nintzen bakoitzean ikusten nuen maiuskularik gabeko paris. Etxerik gabeko jendeak, eta jenderik gabeko kanpadenda edo kanpin-dendatxoak. Mukuruka. Hiriaren bihotzean, bihotzik gabeko sakela beteak eta sakelarik gabeko bihotz beteak; penaz beteak. Zerbeza latak irekitzen entzuten zen, zubipeetan, lurrean eseritako gazteen borobiletan.

Bizikletak eraman ninduen ibai ertzetik gora, kale amaigabeetara. Eguzkia ezkutatzen ari zen bitartean hasi ziren han-hemenka koltxoiak azaltzen. Banaka, binaka. Koltxoiak eta gaua euren gainean emango zuten jendeak. Mesanotxeren bat ere ikusi nuen koltxoiren baten ertzean. Harri ninduen Parisek nola uzten dion parisi turisten begietan hain nabarmen agertzen.

Bizikletarik ez duzuenok, igaro itzazue Euskal Herriko kaleak oinez eta ikusiko dituzue Bilbo eta bilbo, Iruñea eta iruñea, Baiona eta baiona...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.