Ez gara makalak. Hasi Europako hizkuntza mapei begira, orban handi horiek mendeen poderioz gero eta zabalago hodeien itzalak garitza gainean bezala, eta ez dakit nola heldu garen honaino, ordeka zabal eta mendi arteetatik itsasorainoko tarte honetan pilatuak.
Arrazoi politikoak, izan ditugu erabat desagertzeko. Ez da Dum Dum Pelayo eta Big Sugar Marianne saiatu ez direlako. Baina, halabeharrez, bideak ez dira hain zelaiak. Historikoki, hizkuntza abandonatzeak ez du zerikusirik izan espainiar edo frantses sentitzearekin; eta gehienetan, eusteak ere ez gerora osatutako ez dakit zer izatearekin. Faktore politikoez gain, alderdi ekonomikoak ere bai baitaude tartean, eta sozialak, eta psikologikoak. Debekuak izan dira eta lotsak, automutilazioak eta utzikeriak beste. Baina egoera traumatikoak izan diren bezalaxe izan ditugu inolako durduzamendurik gabeko trantsizioak ere. Hiztuna ez da formula bakarrean errenditzen.
Eta halaxe heldu gara, logika handirik gabe, honaino. Mende eta laurden beteko da Unamunok Arriagan iragarri zuenetik euskarari kukuak oker jo ziola. Egun, erdaldun jaiotako euskal idazlez beterik dugu gure literaturaren katalogoa. Bere garaian, Bonaparte printzearen mapari kakazotz eginda ekin zion Zaramak, belarrimotz eta gogoluze. Sormen arloan, eremu nagusiki erdaldunetatik datoz orain ere, outsider begiradari esker, berritasun asko eta bestelako poz gehiago.
Jai eguna bihar Espainian. Ama Birjina Sortzez Garbiak 1585ean herbeheretarren kontrako gerlan «Empel-eko miraria» obratu zuela ospatzen da. Zeruko tranpekin beti auzoak. Halakorik gabe heldu gara euskaldunok hil ala biziko plaza honetara. Badakigu Durangok ez duela hizkuntza salbatuko baina, baikorraldi badugu, komunitatea garela sentitzen segitzeko laguntzen du. Izango bada, norberaren ahaleginaz gain, eslogan naif eta zurikeriazkoak bazter utzita erakundeen erabateko babesa behar duen komunitatea.
Mirari guztien kontra, igaroa delako gauzak berez ziren garaia.