Hedoi Etxarte

Moldatzearen kontra

2026ko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astean behin, ikasturte osoan zehar, filosofiaren dibulgazioan aritzen den Charles Pepinek France Inter irrati publikoaren estudioari bisita egiten dio. Entzuleek galderak bidaltzen dituzte eta Pepinek hiru minutuko pilula batekin erantzuten die. Langileen egunaren biharamunean Laurencek galdetu zion: «Beti moldatu behar ote gara?»

Pepinek erantzun zion ezetz: nagusi tirano batengana ez garela moldatu behar, are gehiago, saiatu beharko ginatekeela beste lanpostu bat ala, zuzenean, beste lantoki bat aurkitzen. Ez dela senar bortitz eta egozentriko batera moldatu behar, ihes egin behar dela, ospa. Ez garela duinak ez diren bizi baldintzetara moldatu behar, alde egiteaz gain borrokatu behar dela halako baldintzak ez daitezen egon.

Kontua da moldaketa gaur egun gaitasun garrantzitsu gisa ulertzen dela. Pepinek dio, ordea, sarritan moldatzea gehiago izaten dela besteari plazer eman nahi izatea, norberak bere burua zapaltzea, aprobazioa lortzeko. Moldatzea oso perbertsoa den zerbait izan daitekeela. Moldaketaren muinak, sarritan, nork bere burua funtsean den horri uko egitea esan nahi duelako. Eta sarritan, gaur egun, Darwinengana jotzen dela, marko liberaletik, moldaketari laudorio egiteko. Bada Pepinek dio hori Darwinen irakurketa makurra dela. Bizirik irauteko ihes egitea dela puskaz baliagarriagoa, bizirik irautea negozia ezina izan behar dela. Amorru hori, ez moldatzearena, oso osasungarria dela gainera. Beraz, zer egin, malgutasunaren exijentzia horrekin. Picasso ekarri zuen Pepinek orduan: «Urdinik ez dudanean gorria erabiltzen dut» esan omen zuen. Alegia, errealitateak erresistentzia lana egiten digunean beste bide batekin saiatu behar garela eta ez errealitate makur horretara lotzen. Sumisioaren bidea hartu beharrean, akaso, gorputzari jaramon egin behar diogula, gure buruak desagerrarazi eta zapaldu beharrean. Somatizatzen hasi aurretik. Zeren pozaren posiziotik moldatzen garenean, moldaketak nork bere burua zabaltzea dakarrenean, moldaketak urdina gorri bilakatzen duenean, leherketa bat gerta daiteke eta ez kontrakoa, kontzesiorik gabeko jauzi bat egin dezakegu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE