Hitzak berak eskatzen du ekintza: mugimenduak berekin dakar dinamismoa, eraldaketa. Geldi balego ez litzateke mugimendua izango. Beste zerbait litzateke. Ez dakit eten, ez dakit estatikotasun. Mugimenduan dagoena bizirik dago definizioz, nahiz eta batzuetan taupadak geldoagoak izan. Pum-pum. Pum-pum. Geldo eta geldi ez baitira gauza bera. Mugimenduak, bestalde, esanahiz kohesioa eskatzen du. Ez balitz hala, beste zerbait litzateke: ez dakit talde, ez dakit multzo. Mugimendua dago eta da; mugimenduan dago eta da. Zegoen eta egongo da. Zen eta izango da. Beraz, mugimendua sinbiosi bat da kontzeptualki: elkarrekin den bizi bat. Eta alderantziz, ez dago elkarrekin eta bizitza-rik mugimendurik gabe. Hauspo bat, arnasa kolektibo bat, beharren arabera uzkurtu eta hedatzen dena. Airea eman eta airetzen duena zingiratuta dagoen hori ere. Mugimendua transformazioa da, eta mugimenduak transformatzen du. Mugimenduan bagaude, hortaz, bilakaera intrintsekoa da.
Gureak baditu 50 urte, genealogia luzea, etengabeko berrasmatzea eta konpromiso bat: beste borrokekin eta askotariko subjektibitateekin uztartzeko borondatea. Eztabaidak hamaika, tentsioak asko, baina batasun bat ere bai elkar, bizi eta mugitu norabide bertsuan aritu daitezen. Arnasa heldu dadin denentzat, giroa egurastu dadin aire berriarekin. Horregatik dira darabiltzagun kategoriak aldakorrak, moldagarriak, malguak. Horregatik amesten dugu haien desagerpenarekin. Alegia, mugitzea eta dagoen horretan geldi egon eta gotortzea antonimoak direla, are gehiago mugimenduaren izenean egiten bada. Mugimendu deitu nahi badute, dei diezaiotela erreakzionario, funtsean horrek ere ekintza baitakar, baina kontrara. Gurea bibrazioa da, erresonantzia, gorputz kolektibo bat askotariko gorputzek egina. Etengabeko aritze bat, etengabeko ariketa bat. Baita igandean ere, feminismotik beste mundu bat eraikitzeko.