Fredik asteon bere izenean izkiriatzeko eskatu dit. Goibel ikusi nuen, etsipen puntu batekin. Corellan azaldu zitzaidan, etxean, ea arno botila batzuen truke ortziraleko idazkia eginen ote nion. Hasieran ezetz erran nuen, ez dudalakoz hedabide terroristarik maite. Baina gaia aditzerakoan aitzinera egin dut, sujet pozgarria zait eta.
Baskoia erabat jendilaje aurreikusgarria da, bortzehun urtetan ez digute ezusteko bakar bat ere eman. Elkar jipoitzen jarraitzen dute, nork azpiratu dituen ahantzita. Zarata egiten eta paparra ateratzen maisuak dira, ez bertze ezertan ere. Argi zegoen terrorismoaren porrotak eta Euzkadiko botere galerak ofentsiba politikoa eragingo zutela. Beti egin dute gauza bera, orain arrazoi bikoitzez, euren ondra eritua sendatu beharra dutelakoz. Espainiarrontzat, maleruski, garai arriskutsuak ziren, PSN krisian eta gu zatikaturik. Gaizki xamar lo egin dut garai batez, baina urak bidera itzuli dira.
Oilar kalparra altxatu dute batasunoek, ez Nafarroa baskoia aldarrikatzeko, EAJ bere diru-botere kuotatik boto-botere kuotara igarotzeko baizik. Noski, gainerako alderdien arteko mesfidantzek (baskoiak elkarren beldur izan dira beti) porrotera kondenatu zuten proposamena ahotik atera aurretik ere. Aitzitik, baskoiak apustulariak dira; azken mendeetan dena galduagatik, apustuka jarraitzen dute, ludopata gaixoak.
EAJ kontent, egun bizi duen noraezean, baztertu nahi dutela errepikatu besterik ez du egin azken hilabeteetan. Eta, ondorioz, Urkulluri paparra atera eta gainerako alderdiei euren beldurren gibelean ezkutatzeko parada ezin hobea eskaini diete. Nola erdietsiko dute estatua berreskuratzea, ez badaukate estatu ikuspegia duen politikari bakar bat ere?
Guhaurek, bitartean, gurera, sekula elkartzeko gai izan ez direnen arrastoa betiko ezabatzen jarraitzera...
Nafarroa zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu