Maider Galardi

Nahita-nahi gabe

2025eko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahita-nahi gabe ari gara esan eta esan bi urte bete direla Palestinako auzia hasi zenetik. Zer den nahita-nahi gabe? Ba adibidez, zu esnatzea eta zure ohekidea ez, eta zu hastea ohean mugimendu arraroak egiten, zintz egiten, telefonoan bideoren bat ikusten oharkabean audioa jarrita... Nahi gabe egin duzu, baina hara! Esnatu duzu —nahita— albokoa. Beraz, agian ari gara nahi gabe, gaurkotasunak eta erasoen tamainak justifikatuta, ahazten gutxienez 77 urte badirela palestinarren egunerokotasuna oztopatuta dagoela Israelen okupazioagatik. Edo ahazten dugu nahita datu hori konplikatzen zaigulako gure diskurtso humanistatik haragoko hausnarketak egitea. Nahita-nahi gabe bidali ditugu lur horietara kazetariak U-7a delako urteurrenean. Nahi gabe, tokiko lana egiteko berriemaile bereziak bertan egotea garrantzitsua delako, baina nahita Israelgo biztanleen ahotik gogora dezagun hau guztia nork hasi zuen. Nahita-nahi gabe mobilizatzen hasi da jendea Global Sumud flotilla Israelek atzeman ostean. Nahi gabe enpatia handiagoa dugulako gure berdinekin, eta nahita, orain arte —esazu egia— ez zaigulako axola izan harrotutako lurraren azal kolorea duten beste horien patua. Nahita-nahi gabe jarraitzen dugu Spotify erabiltzen. Nahi gabe, aurreko hilean ordaindu zenuen urte osoko harpidetza ez duzulako galdu nahi, eta nahita ez zaudelako prest musika entzuteko eredu hori albo batera uzteko «ezertarako balio ez duen boikot» batengatik. Nahita-nahi gabe izendatzen dute NBEren kideek Palestina estatu. Nahi gabe ere horra iritsi daitezen herritarrek presioa egin dutelako. Baina nahita, badakitelako izendapen sinboliko batek ezer gutxirako balio duela ez badituzte Israelekin harreman politiko eta ekonomikoak mozten.

Nahita-nahi gabe exijitzen da orain bi estatuen irtenbidea. Nahi gabe gezurretako inozentzia batekin, baldintza hauetan ezinezkoa baita duela ia 80 urteko egoerara itzultzea, eta nahita mendebaldeari kentzen diolako egiaz auzi honetan duen inportantzia. Zeren eta nahita-nahi gabe ahaztu da Palestinako lurrak Britainia Handiko protektoratu bat izan zirela eta ezin dela gaia kolonialismotik aparteko betaurrekoekin aztertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.