Joan den larunbat goizean, Abiadura Handiko Trenaren aurkako mugimenduak deituta hiru dozena lagun batu ginen Muru Artederretan, Iruñetik hemeretzi kilometro hegoaldera. Ibilaldia zeharo atsekabegarria izan zen: sarraski natural bat da AHTa, paisaia apokaliptiko bat eraikitzen du, trenaren suntsiketari batzen zaizkio tentsio altuko instalazioak, Itoiztik datorren Nafarroako ubidea, autobide garestiak eta errepide bikoiztu guztiak, militarren instalazioak eta higiezinen burbuilak. Ibilaldian kontatu zutenez, tokiko nekazariekin azpijokoan ibili dira Nafarroako Gobernua eta eraikuntza enpresak. Nekazaritzarako larreak porlaneztatutako hildako lur izango dira lanak bukatu berritan, hondakinekin egin den kudeaketa negargarria da eta naturaren aurkako talka behar baino handiagoa izango da gainera.
Nik garbi dut gizakia jartzen dudala politikaren zentroan eta ez natura. Eta gizakia zentroan jartzeak gaur egun esan nahi du berehala gelditu behar ditugula lurraldearen kontrako azpiegitura hauek: nekazaritzaren kontra, akuiferoen kontra, ondare arkeologikoaren kontra (Muru Artederretako lanetan Erromanizazio aurreko arrastoak topatu omen zituzten langileek) eta langileen bizitzen kontra (hamahiru lagun hil dira honezkero AHT eraikitzen) egiten dutelako.
65 kilometroko bide bat egiten ari dira Castejon eta Arrizabalaga artean, AHTak ez du abiadura handitzerik izango hain ibilbide laburrean, azkar doanerako galgatzen hasi beharko du. Inork pentsatuko du hauteskunde kanpainengatik egiten dela 600 milioi euroko sarraski hau. Tamalez ez, Nafarroan kapitalak, 30 familia dirudunek agintzen dutelako egiten da. Duela 10 urte joan zen UPN, baina euskararen ofizialtasunean, Opusen finantziazioan, Espainiako armadaren presentzian ala Osasunbidearen naufragioan bezala, Sarasateko Parlamentuak beti erabakitzen du 30 familia horien alde.
Jende xeheak naufragioaren hondakinak begiratzen jarraituko du.