Akaso urtea lau sasoitan banatzen delajakintzat ematen dugu. Badago sareetan dioenik Mendebaleko kulturaren eraginez egun hala dela hizkuntza gehienetan. Ez dakit nik, ba. Emilio Salgari irakurtzen nuen garaian behintzat baziren ekialdean 'sasoi hezea' eta 'sasoi lehorra' baino bereizten ez zituztenak.
Japoniera ere arautik kanpo legoke, lau sasoi gehi bat baituke: ekain aldean tuyu 'aran-euria' izeneko hilabete inguruko sasoi euritsua, Japoniaren gainean urtero jartzen den frontearen ondorioz sortzen dena.
Anatoliako turkieran hiru omen dituzte: 'uda', 'negua' eta bahar 'udaberria'. Hizkera batzuetan ba omen dira ilkbahar 'lehen udaberria' eta sonbahar 'azken udaberria' ere. Translate-k esan dit negua kix dela, uda yaz, udaberria bahar eta udazkena sonbahar; ilkbahar jarri, eta 'udaberria' dela dio. Euskara dakar gogora, ezta?
1808an Lorenzo Hervás jesuita eta filologoak División primitiva del tiempo entre los bascongados usada aún por ellos idatzi zuen. Bere ustez, euskaldunok darabiltzagun denbora-banaketak irudika genezakeen bezain antzinatik datoz, urtea bi sasoitan baino banatzen ez omen zen antzina batetik, uda vs negua, udaberri eta udazkenen osaerak aditzera ematen duenez.
Ados egon gaitezke oraindik arbasoek lautan ez bide zutela urtea banatzen. Baina, ai, hortik aurrera... Hiztegi Etimologikoaren arabera, uda ondare zaharreko hitza dateke (*egun-da > euda > uda); aldiz, jai dugu negu-rekin, ekialdeko erromantzeetatik mailegatu baikenuen, hain aspaldi ezen Mauletik Bilboraino erabiltzen baita: katalanez ere neu 'elurra' den horrexetatik, hiatoa g-z hautsi eta esanahia doi bat aldaturik. Honen alde, Joan Coromines-ek zioen Larraine eta Santa Grazi arteko Negümendi ezin dela 'neguko mendia' izan, 'elurrekoa' baizik. Etimologikokoek ukatu dute filologo katalanaren ustea, baina nire gogoa han gelditu da, Zuberoako gainetan, eztitan.

LARREPETIT
Negumendi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak