Kartela zabaltzerako, martxan jarri dira zure hainbat whatsapp taldeetako lagunak, Donostiarako kotxeak antolatzeko. Afixa bera ikusi duzu espero zenuen eta hainbeste espero ez zenuenen perfiletako irudietan. Azkenaldian hala sumatu duzu jendea, amorruz lehertzear eta inpotentziaz borborka, mobilizazio gosez, kalera ateratzeko edozein aukeraren zain. Hala hartu duzu zuk ere Donostiarako deialdia. Gertaeren neurriko erantzun baten traza hartu diozu.
Letra txikia beti da problematiko, ordea. Eta ez da denbora asko behar izan mobilizazio horretako manifestuarekin ahots kritikoak agertu, eta manifestazioaren beraren aurkako iritziak zabaltzen hasteko.
Zuk ez dakizu bi estatuen konponbidea den onena, estatu palestinar bakarra defendatu beharko zenukeen, ala Israelen suntsipen osoa aldarrikatu. Iritzi bat izango duzu, noski, baina agian beste bat du manifan zure aldamenean doanak. Eta agian ez da bat etorriko palestinarrek nahi dutenarekin ere. Haiei dagokie hori erabakitzea. Hori da zuretzat «Palestinaren autodeterminazio eskubidea», Donostiako manifestuak hitzez hitz aldarrikatzen duena. Ez zara herri txiki bateko manifestazio batek konponbide geopolitiko bat markatuko duela pentsatzeko aski handiustea.Sarraskia arbuiatu, eta elkartasuna adieraztea da zure minimoa. Argi duzu, norberak egin dezala nahi duena. Baina, auskalo zergatik, ez diozu «ni ez noa» diotenei haiek zer egingo duten azaltzeko asmoa bakarrik hartu, ez bada beste denen iritzian eragitekoa baizik. Eta hori da dagoeneko nekatzen zaituena: kontsentsua eta ilusioa pizten duen dinamika orori aurre egiteko joera aspergarria, beste batzuk gizarte bloke zabalak eratzen saiatzen diren bitartean. Eta beste hainbatek, dudak duda eta ñabardurak ñabardura, momentuari tamaina hartu eta oinarri komun horren baitan mobilizatzeko ariketa zintzoa egiten duten bitartean. Askoz ariketa zailagoak, portzierto, «ni ez noa» esatea baino.

LARREPETIT
«Ni ez noa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu