Hauteskundeen ondoren beti harrapatzen gaitu halako etsipen eta jendearen inozokeriaren aurkako gorroto batek. Galdetzen dugu airera nola ote den posible, nola bozkatzen dion jendeak oraindik eskuinustelduenari, eta atzetik azalpensinple eta bakarra gehitzen diogu: Espainia.
Baina egia dena da eskuinaren milioika boto horietako bakoitzak, errepikapenaren errepikapenaz bada ere, sorpresaz hartzen gaituela beti. Non daude eskuin botoa ematen duten horiek guztiak? Zein dira? Ezinbestean langile eskuindarrak existitu behar dute...! Eta halakoak esanez.
Eskuinak ez du kalerik hartzen (ez bada noizean behin familia bat eta bakarra defendatzeko sena piztu zaiolako), eta ezkerrak beti uste du, kalea harena denez, botoak ere harenak izango direla. Eta gero, sustoak.
Espainiaren gaitza izan daiteke eskuinarena, baina etxera itzulita ere, gauza bera gertatzen dela ikus dezakegu. Adibidez, iduri dezake gipuzkoar zentzudun eta bere burua zein hurkoena maite duen inork ez duela errausketarik nahi etxean. Baina gero, botoa eman, eta bai, gipuzkoarrek errauskailua nahi dutela pentsa dezakegu. Non daude, baina, errauskailuaren aldeko horiek guztiak?
Azkenik, aurtengo emaitzei so, kalean gutxi ikusi ditugun irabazleak ditugu Euskadin ere. Non daude, beraz, Euskadiko podemitak? Non dago masa hori? Madrilen bai, baina hemen? Kanpainan kalean ere justu xamar egin dute (ez bada lau emakume erail dituzten egunean bertan kanpaina eteteko inongo intentziorik gabe kontzentrazioan ginenoi oldartu zitzaizkigunean. «Ez gara feministak». Sic.). Kalea, beraz, norbaitena bada, ezkerrarena izan da historikoki, eta jarrai beza, baina gauzak ongi neurtzen jarraitu behar dugu; izan ere, ezin dugu gure indar erakustaldiekin gozatu eta ondoren eskuak burura eraman eta «non daude?!» batzuk botatzen segi. Zeren hemen daude, eta asko dira.
LARREPETIT
Non daude garaileak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu