Zertan pentsatu duzu izenburua irakurrita, irakurle?Galdera gaixtoa da. Gure seme-alabak honetan ondo heziak dira: badakite hitzak ezin direla di-da itzuli edo azaldu, euren testuingurua ezagutu ezean. Halere, testuingururik gabe, postura egingo nuke japoniarrak nori entzun eta alga gorrian pentsatuko duela, baina euskaldunoi, denok filologotik zerbait omen dugunez gero, nor-nori-nork hirukotearen erdikoa etorri zaigula akordura, nahiz eta gutako askok sukaldean algak izan, edo sushia ikaragarri gustatu.
Akordura etorri bai, baina ez al da nori datiboa kasuen «Errauskinea»? Ergatiboa aurkitzeko ekialdetik hasita Kaukasoraino joan behar genuke itsasoz zein lehorrez, eta mendebaletik Mexikoraino. Zeinek irabaziko, ba, ergatiboari?
Dena den, nori-k ere badu bere xarma. Adibidez, joan diren mendeetako perpaus mota askotan nor-nori gehiago ziren gaur baino. Haietan ergatiborik bat ere ez zegoen: Suplikaetan natxazu degidazula remedioa emun idatzi zuen Lazarragak (c. 1600). Leizarragak [Jesusek Mateuri] diotsó, «arreit niri», eta jaikirik jarreiki zekion (1572). Nori bere aingerua laguntzen zaika bere heriotzean Harizmendik (1658). Enatzaio ohartu dio Pouvreauren hiztegiko ohar batek, eta berdin Larramendik gramatikan: Adierazo nai degunari ohartu bear gatzaizka. Beitu Duvoisin (1858) oraindik: Parabola bat erranen diozu etxe khexagarri horri, eta hula mintzaturen zatzaio.
Artean «igorlea» nor izatetik nork izatera igaro da, eta «destinatzailea»-ri dagokionez, Iparraldean nori zena nor bihurtu da anitzetan (ez guztietan); Hegoaldean, berriz, nori izaten segitu du. Egiategik dio Emaztiak jarraikiten zian bere senharra gerla güzietan (1785), baina Agirre Asteasukoak Zoaz bada ama, aurretik, eta jarraituko dizugu (1808).
Natzaizu, zekion, natzaio, gatzaizka, zatzaio... Nor-nori adizkien taula nori iruditu orain alferrikakoa? Ba ote dago ezer ederragorik?
LARREPETIT
Nori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu