Filologiaren alorrean ez dut kointzidentzietan sinesten: nago testuaren barnean edo testu artean gertatzen diren bat-etortzeak kasualitatezkoak ez direla frogatzen ahalegindu behar garela gogor, euren esanguraren bila.
Hortik kanpo aitor nezake zaharrago eta bat-etortzeak ugariago gertatzen zaizkidala, agian zaharrago eta burua zerez beteago dudalako. Zaharrago eta bizitzako bat-etortzeak ere kasualitatezkoak ez direla sinesteko prestago ni.
Astelehenean sare sozial batean Hernion burdinazko uztai sendagailuak erabiltzeko ohitura aipatu zen, gasteiztar gehienok ezagutzen ez duguna, nik uste, eta erritu osoa ere azaldu zidaten, urratsez urrats. Prest nago sinesteko Hernioko uztaiak metalen bertute magikoak aintzat hartzen ziren antzinako garai batetik datozela, bai eta aukera datorrenean Herniora igo eta hori dena egiteko ere.
Artean zeharo ahaztu nuen (anatema!) Olarizuko erromeria ere bazela Gasteizen. Udaltzainek gogorarazi zidaten, etxerako bidea eragotzi zidatenean. Solas pollita izan genuen elkarrekin, «Aparte, señora, que está interrumpiendo el tráfico» batekin amaitu zena. Azeleragailua sakatu eta Salburutik saiatu nintzen, Olarizutik gabe.
Bidean dena lotu zen. Hernioko burdinazko uztaiak eta Olarizuko mendiko Burdin Aroko herri gotortua. Ttak.
Olarizuko erromeria irailaren 8ko ama birjinaren hurrengo astelehenean egiten da. Dokumentuek omen diote XIX. mendetik ospatzen dela, baina lagun batek diosta antzinatik datorkeela, udaren amaiera markatzen bide zuela, sasoi meteorologikoaren konturik-eta ez zekitenean. Izan ere, irailaren 8ko ama birjinak hamaika dira: Haroko eta Salamancako Vegarena, Encinarena (Artearena) Ponferradan, Nuriarena Gironan, eta abar.
Jung-ek aztertu omen zituen berak sinkronizitateak zeritzenak, hau da, bi gertakari aldi berean jazotzea, kausa-ondorio erlazio batez ez, baizik eta beren esanguraz loturik daudenak. Ez nuen uste Jung aipatzen bukatu behar nuenik, baina zaharrago eta lasaiago neure buruak egiten dituen bidaiekin.