Deskuidoan galdetuz gero zer ekarpen egin digun herri prentsak, bi datozkit punpa-lasterrean: euskaraz irakurtzen ez zuen jendea horretara ohitzea eta txokokeria arau jator bihurtzea. Lehenak, ez du azalpen handirik behar. Bigarrenak, titular zoragarriak utzi dizkigu: «Errezildartatuko azpeitiar aizkolarien bizitza, liburu batean jasoa».
Ez da makala, herri honetan, nongoa izatearekin dugun obsesioa. Hizkuntzaraino tolestua dugun itsumena, nahi ezta ere. Ez baita gauza bera, oraindik ere, eibartarra izatea eta Eibarkoa izatea. Ber gauza ez den bezala, eta horra munduaz dugu ikuspegia labur erakutsia, «azkoitiar pilotaria» izatea edo «Azkoitian bizi den kriket-jokalaria». Egia da aldatu garela eta gorde ditugula ganbaran 70ko eta 80ko hamarkadetan etxe askotan ohikoak ziren abizen-armarriak, baina nondarkeriak salatzen gaitu oraino.
Asteon, ez dakit zenbat tokitatik heldu zaidan bideoa. Jacob Elordi australiar aktorea bere jatorriaz hizketan, Ondarroan sortua dela aitita eta, nola heldu zen Australiara faxismotik ihesi azukre-kanabera moztera zortzi dolar zituela poltsikoan. Asteon, ez dakit zenbat bider heldu zaidan Santos Cerdanen izena. Azkenaldian Espainiako Alderdi Sozialistaren inguruan zebilen izen-mataza nahasgarrian Cerdanena da plaza erdian urkamendian erakutsi duten buru bakarra, oraingoz. Inon gutxi ikusi dut non jaioa den gizona.
Tamalez, ez da heroi ala doilor kontua. Izan ere, borondateak borondate, ez baita gauza bera Ondarroakoa izatea edo Milagrokoa, punpa eta laster, Euskadi bahitua bere buruari Basque Country deitzen hasi den munduko bazter honetan.