2/2023 Lege Organikoaren 64.4 artikuluaren arabera, Espainako jakintza-esparruetatik hala «Euskal Filologia» nola «Hizkuntzalaritza» jakintza-alorrak desagertuko dira, antza denez, honako bi hauek bakarrik utzirik: «Hizkuntza modernoaketa haien literaturak» eta «Filologia hispanikoa, klasikoak eta Antzinatekoak» (itzulpenak nireak). Hala balitz, espainolarentzat edota antzinako hizkuntzentzat baino ez litzateke Filologia, galego, katalan eta euskara gabe utzirik, besteak beste. Gaizki ulertua izan zein ez, hautsak harrotu ditu Unibertsitatean, eta hala behar ere.
Filologia jarrera bat da, oinarririk gabeko informazio eta sinesmenez blai bizi garen munduari begiratzeko modu bat. Bazenekien Evaren sagarrik ez dagoela? Bibliak ez dio fruitu debekatua zein zen, eta esatekotan nekez sagarra izan orduan eta han. Gauza da latinez homonimoak direla malum 'sagarra' eta 'gaizkia'. Genesiak (2, 17) «ongiko eta gaizkiko jakitatearen zuhaitza» dioenez (Duvoisin, 1858), latinezko bonum et malum 'ongia eta gaizkia' esapidetik jende apalaren buruan 'ongia eta sagarra' ideia nahasia sortu, eta hara paradisuko irudiak faltan zuena.
Euskal Herrian zenbat sagasti eta sagartze dauden eta egon diren ez da esaten erraza. Fruitu debekatuari ez zaio, ez, muzinik egin. Sagarroiak ere baditugu, kirikino edo trikuak alegia, Hiztegi Etimologikoaren arabera 'sagarkoiak', hots, 'sagarzaleak' izateagatik hala deituak.
Lehen lekukotasunetatik hamaika eratan agertzen zaigu, oparoki elkartu eta eratorria:Sagarraga (1086), Sagarzelai (1284), Sagarmendi (1350), Irursagarreta (1350) eta Sagarbieta (1498), Basa sagar (1366), Sagarbide (1391)... Badugu Milia Lasturkoren sagar errea, eta Lizardiren Agur / soro, / sagar, mendiak! ederra.
Bai eta Eguzkitzari plagiatuko diodan esalditxoa, Lege Organiko hari opa diodana: sagar heldua lez, bere astunez jausi dadila lurrera.

LARREPETIT
Ongia eta sagarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu