Iñigo Aranbarri.

Oporrak Gazan

2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer du txarra oporlekuak egiteak eremu idorrean. Ez edonolakoak, gainera. Eraikin ederrak, argiak, garbiak, lirainak, zerua laztantzen parerik gabeak. Altza ohetik, hurreratu leiho zabalera kikara kea dariola eskuan eta bertan Bilbo! Lehen eguzki-izpiak itsasoan dirdirka, belaontziak ikusmugan. Nekez liteke paradisu ederragorik Ludian.

Zer du txarra txikizioari bikaintasuna gailentzeak, aberastasuna pobreziari. Zer du txarra umeen negarraren ordez hoteleko langileen irribarrea aurkitzeak; gorroto begiraden ordez zerbitzarien adeitasuna; etsipenaren ordez ilusioa, urte guztia lanean eman eta gero.

Davosen aurkeztu du Trumpen suhi Jared Kushner-ek proiektua (Ertzaintzak «judua» dela erantsiko zukeen gaizkilea balitz) eta New Gaza izena eman. Adimen Artifizialaz sorturiko hiriak erakutsi ditu Munduko Ekonomia Foroan, resort, etxebizitza, parke, kirol instalazio eta Big data egoitzaz betea. Eta bertaratzeko, baita aireportua ere Egiptoko mugan. Dirua behar da, baina nola halakotu, pentsatua dago. Hegoaldetik hasi, ia erabat hutsik gelditu diren eremuetatik, eta iparralderantz ezarian-ezarian.

Guk, telebistaz bada ere lekuko izan garenok, halako astakeriarik egitea ezinezkoa dela esango dugu. Ez litekeela negoziorik egin krimenaren gainean, ez dela morala. Zoratuta al gauden, gutako inor ez dela hara joango oporretan, nora eta 72.000 pertsona hil, 171.000 zauritu eta bertako biztanle guztiak bortxaz desplazatu dituzten hotel batera. Ezta munduko tokirik ederrena izanik ere.

Gero, memoria ahula dugula akordatu gara. Ez, gu ez gara joango, baina beste batzuk beharbada bai; gure seme-alabak ere ez, baina haienak… Gu ere ez ginen 1885eko Berlingo Biltzarrean, baina majo baliatu gara hango erabakiez. Gertuago, zenbat futbol selekziok egin zion uko Qatarreko mundialari salatzeko egiturak egiten 6.500 langile hil zirela esklabotza egoeran? Are gertuago, zer sinbolismo dago ETBko saiorik ikusienean ikurrina Patagonia edo Karibe muturrean landatzean?

Ez da lagun txarra amnesia oporretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA