Jai handia Ameriketako Estatu Batuetan. Urtero legez, maiatzeko azken astelehenean ospatu da Oroitze eguna, «askatasunaren alde borrokan erorien» omenez. Eta hala, hilerriak bisitatu dira, desfile militarrak antolatu eta banderaz josi etxeak eta etorbideak. Europa mendebaldean maiatzaren 8an gogoratzen da Garaipenaren eguna eta hurrengo egunean, berriz, garai bateko Sobiet Batasuneko zenbait lurraldetan.
Heroiez gomutatzeko egunak dira, sinesteko badagoela, hilak hilen gainean, maltzurra garaitzerik. Eta hainbesteko sakrifizioak behar du bere liturgia, ad majorem patriae gloriam. Horretan, lana beltz egiten dute hedabideek. Zinemak ere, sendo lagundu du epika ontzen. Estatubatuarrek naziak garaitzen dituzteneko filmez osatu da gure imajinarioa haurrak ginenetik. Abentura militar ugari, drama pertsonal zenbait eta zimur gutxiegi, aukeran, giza kondizioaz.
Literaturak bete du, neurri batean, hutsunea. Agota Kristofen Koaderno handia-n, hilik aurkitu dute bikiek beren lagun bakarra naziak joan eta gero. Hil arte bortxatu dute soldadu askatzaileek Erbiezpain. Svetlana Alexievitxek, bere aldetik, egileen lekukotza gordinak batu zituen Gerrak ez du emakume aurpegirik-en. Egun, gero eta agiri gehiago bada ere, inork ez daki zenbat emakume zakilkatu zituzten indarrez nazien mendeko lurraldeetan soldadu sobietarrek, estatubatuarrek, britainiarrek eta frantsesek. Bi milioi izan omen daitezke. Oroitze eta Garaipen egunetan gogoratzen ez diren gertaerak dira.
Azken beltzean, zertarako? Nola zikinduko dugu oroimena halakoekin. Badakigu gerrek zer dakarten eta nolakoak diren gizonak. Haiek bortxaz azpiratuak beste behar dituzte herriek heroiak.