Ander Perez Argote
LARREPETIT

Ospa dezagun

2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Plan bezala ez dago gaizki, ados. Ez nuke asteburuero egingo, baina, tarteka hedonismoari bide ematearren tira, zergatik ez. Bazkari eder bat lagunartean, Labriten pilota partida, eta gintonic batzuk Alde Zaharreko tabernatan, nekeen mende erori arte. Aspalditxoan pakete errepikakorra bihurtu da gurean. Ez hainbeste bertakoentzat —baita ere—, baizik eta inguruetatik —esan nahi baita, erkidegotik— gurera datozen (batez ere mutil) kuadrillentzat. Eta ojo, ongi etorriak denak.

Beti despedidan etorri behar izatea da zer pentsa ematen didana. Agur zeri esaten zaion sekula ongi ez ulertu izanaz aparte, gizarte bezala lagunarteko ospakizunak ze kasuetarako gordeta dauzkagun egiten baitzait bitxi. Eta e, ospa dezala nahi duenak nahi duena. Baina aldi berean, galde diezaiogun gure buruari zergatik ez dugun ezer ospatzen depresioaren zulo sakonetik atera den lagunarekin, zergatik ez goazen beste hiri batera nazka-nazka eginda lana uzteko pausoa eman duen adiskidearekin, ezer ospatzen ari ote garen bere burua ispiluan egoki ikustea lortu duen kidearekin, denboran aitortu gabekoak esatera ausartu denarekin, kanta berri bat idazteko inspirazioa bildu duenarekin, sukaldaritza tailer batean izena eman eta bokazioa aurkitu berri duenarekin.

Bizitzaren mugarri sozialetan, ados, ez du kategoria bera ezkontzeak edota arratsalde osoz eguzkia sartzen den alokairuko etxe eroso bat topatu izanak. Baina barne sentimenduen orekan, jakin badakigu, ze kapritxoso jokatzen duen sarri zoriontasunak, ze gauza ezdeusak jarri gaitzakeen pozik, ze gauza hutsalak hondoratu.

Horiek denak lagunartean ospatzearen aldekoa da alegatu hau. Ahal bada zintarik eta txinatarren dendako koroarik gabe. Nabarmendu behar ez izateak ematen duen benetakotasunarekin. Inor belarria jatera etorriko ez zaizunaren ziurtasunarekin. Inor zure poza zoriontzera etorriko ez dela asumituta. Zurea dela bakarrik, ez beste inorena. Eta edozer egin dezakezula harekin, ospatu, ala madarikatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.