martxelo otamendi

Palestina beti azokan

2025eko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israel Palestinan, ia estatu handi guztien konplizitatearekin, egiten ari den genozidioa gelditzeko ustezko egitasmoa aurkeztu du asteon AEBetako presidente eta Israelen aliaturik sendoenak, Donald Trumpek. Gutxi dakigu nola iritsi den Trumpen taldea horrelako proposamena lantzera, zenbat denbora iragan duen prestatzen —ez du ematen goiz bateko lanketa izan denik—, baina seguru baiezta dezakezu Israelgo Gobernuarekin adostua izan dela une oro. Trumpek ez du orain arte Israel behartu egin nahi ez duena egitera, eta ez du orain egingo.

Askotan leporatzen diogu Trumpi Palestinan gertatzen ari denaren erantzukizuna, baina ez dezagun ahaztu Trumpen aurretik Joe Biden presidente demokrata izan dela Etxe Zuriko maizterra, eta Bidenek ez zuela taxuzko ezer egin Palestinako genozidioa gelditzeko: Israelek Gazan hil dituen 66.000tik gora palestinarretatik, 45.000 Biden presidentea izan zen garaikoak dira.

Delako egitasmoak, zehatzago puntu batzuetan beste batzuetan baino, helburu argi bat dauka testuan aipatzen ez dena baina agerikoa dena: Israelgo Gobernua juridikoki errugabe geratzea egin dituen guztiak egin eta gero. Testuan ez da ezer aipatzen erantzukizun horretaz, eta ematen du, egitasmoa gauzatzen bada, Israel jazarrezina izango dela. Gazan jazotakoa fenomeno meteorologiko baten ondorioz gertatu balitz bezala...

Ulertu nahi duenarentzat, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk argi utzi du ez duela inoiz Palestinako Estatua onartuko. Hala bada, zer helburu dauka Trumpen egitasmoak, auziari behin betiko irtenbidea ematea ez bada? Txikizioa gelditzea eta Gaza berreraikitzea, ezer geratu ez balitz bezala? Hamasek edukiko du, palestinarren aldetik, azken hitza, eta erabakitzen duena errespetatu beharko da, eragile nagusia delako lurralde horretan.

Hamasen erantzuna edozein dela ere, bukatu egingo dira Israelen jokabidea salatzeko —manifestazioak, boikotak...— azken bi urteotan egindako kanpainak?

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.