Euskal aditzarekin biargiztatze izan ditut. Euskal Filologiako lehen urtean konturatu nintzen ordura arte ikasitako aditz ugariak hitanoak halako hiru bihurtzen zituela, arteanez bainekien toka eta noka ere bazirela. KĂ¼bler-Ross-en faseak igaro eta gero, orduko gogo-iluna jakin-min amorratu bihurtu da.
Bigarren argiztatzea maitemindu ninduen lehen euskaldunari gustatzen zatzaizkit esan nionean gertatu zitzaidan. Haren aurpegia ikusita ziplo ikasi nuen, larrutik ikasi ere, teorian gauza litekeenaren eta hiztunek gauzatu ohi dutenaren artean dagoen aldea, nahiz artean «Pragmatika» zer zen jakin ez.
Hura lotsa! Atzo txiolandian irakurri nuena datorkit burura, hots, euskara ez dela zaila, euskalduna izatea baizik.Erabilera anitzeko perpausa izan arren, zerbaitegatik sortu zen propio, atzo sortu, edo atzo neuk ikusi. Izan ere, batzuek diote euskara sinplifikatu behar dela, erraztu, komunikatiboago bihurtu.
Ez gaitezen intoleranteak izan. Horrelako gauzak erlatiboak direnez —zerekin erkaturik erraztu, edo zeren arabera?—, helburu aberkoi bat otu zait: aitzineuskarara bihur gaitezen. Zorigaitzez, bere luze-zabalean xehe-xehe ezagutzen ez dugunez, antzeko eredu bat erabiltzea pentsatu dut: txinera. Hizkuntza arrakastatsuagorik nekez.
Txinerak ez dauka aurrizki-atzizkirik batere: ez dugu esango ez dugu esango, gero esan ez baizik. Aditzak beti bat dira:nik esan, hark niri esan, nik hitzak esan, guk atzo esan... Dena horrela. Ezeztapena bagenuke (esan ez). Erreduplikazioa ere bai (esan-esan), euskaraz nahi dugun adiera eman geniezaiokeena. Esan-ez-esan? galdera egingo genuke, Esango diozu ala ez? esan beharrean. Sinpleago, arinago, komunikatiboago. Aditzak izen ere izan daitezke: beraz, jan bat jango genuke, eta esan bat esango. Errazagorik!
Liburu bat idatziko dut. Norbaitek argitaratu baietz. Papera merke dabil Euskal Herrian eta...
LARREPETIT
Papera merke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu