Larrepetit

Pentsamendu positiboa

Castillo Suarez.
2011ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Pierre Dunkanen dietak eta Rhonda Byrneren autolaguntza liburuak dira herriko liburutegiko erakusleihoetan beti dauden liburuak, aspalditik, gainera. Liburuok astero aipatzen dituzte salduenen zerrendatan, milioiak saldu baitira mundu osoan barrena. Askok erosten dituzte, gutxiagok irakurtzen dituzte, eta bakanak dira eraginkorrak direla esatera ausartzen direnak.

Inor ez dut ezagutzen nire inguruan Dunkanen aholkuei jarriki mehetu denik, baina batek baino gehiagok dauka bere etxeko apal batean. Horrenbeste saldu den liburua izanik, Dunkanen metodoa eraginkorra dela pentsatzea erraza da, eta erraza da ere bai liburu dendara joan eta erostea, baina askoz zailagoa da praktikara eramatea —dieta guztiak bezala, bestalde—.

Ronda Byrneren libururik ezagunena Sekretua da, pentsamendu positiboan eta erakarpen legean oinarrituta. Byrneren arabera, gure etorkizuna hobea izan dadin, hain zuzen hobea izanen dela pentsatu behar dugu. Ondasunak irudikatzen baditugu, aberats izango gara; minik ez dugula pentsatzen badugu, sendatuko gara; gustuko lanarekin amets egiten badugu, lan on bat aurkituko dugu. Gauzak gaizki badoazkigu, ordea, ongi ateratzeko nahikoa «lan» egin ez dugulako izan da.

Pentsamendu positiboari kritika handiak egin dizkio Barbara Ehrenreichek. Bere ustez positiboa izatea ez da inondik ere txarra, baldin eta ez badugu errealitatea modu desitxuratuan ikusten. Ehrenreichek aipatzen du pentsamendu positiboaren eraginez jende askok bere aurrezkiak gastatu dituela inolako beldurrik gabe, eta askok zabor-hipoteka bat eskuratu dutela —finean, merkatuari interesatzen zitzaion jendeak beldurrik ez izatea maileguak eskatzeari edo kontsumitzeari—. Bestalde, aipatzen du gizarte laguntzen zabalkunderako ere negatiboa izan dela pentsamendu positiboa. Izan ere, norbera bada bere etorkinaren jabe, zertarako elkartasuna, zertarako elkarri laguntza eman, zertarako eskatu laguntza Estatuari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.