nerea loiola pikaza

Periferia

2024ko otsailaren 29a
05:00
Entzun

Astean zehar ez du inoiz siestarik egiten, umerik gabeko tarte osoa aprobetxatu nahi izaten du lanerako. Baina araua zerbait bada, salbuespena da. Ur beroaren poltsa prestatu, pijama jantzi eta ohean sartu da. Berehala nabaritu du loa etortzen, pisu, gozo. Tirrin. Tirrin-tirriiiiinnn. Salto batean jaiki da txirrina jo duena madarikatzen, siesta zerk izorratu dion asmatzen. Mezulari bat. Eskatu ez duen kutxa luzanga bat. Ezagunak zaizkion helbide eta izenak. Karrikiriborda. Zuberoa. Irribarre bat.

Gorputz batek tenperatura oso baxuetan krisi termikoa pairatuz gero, organo bitalak babesteko asmoz, gorputz-adarrak galtzea lehenetsiko du; horregatik izozten dira lehendabizi atzamarrak, behatzak eta sudurra. Edo beste modu batera esanda: krisi egoeran, erdigunea indartzeko ahaleginetan, periferia sakrifikatzeko mekanismoak aktibatuko dira.

Analogia hori gure errealitate soziolinguistikora ekarriz, euskararen mapak oso garbi adierazten du erdigunea dela Euskal Herriko zona euskaldunena eta, beraz, periferia sakrifikatzen joan garela erdigune horren alde. Kontua da, erdigunea babestu nahian, periferia azken muturreraino sakrifikatzen jarraitzen badugu, periferia hau erdigunetik geroz eta gertuago izango dugula, periferia desagertu eta hilzorian gu geu aurkitzeraino. 

Labana bat hartu eta, siesta oro ahazturik, kutxa ixten duten zinta itsasgarriak urratu ditu: patea, eztia, txokolatea, bestelako gozo eta kutixiak. Eta Holtzarteko zubiaren postal bat. Azken esaldia irakurtzerako oilo ipurdiak pijamako mauka zeharkatzen dio: Xiberoa eta Zarautz artean eraiki dezagun zubi bat Holtzartekoa bezain luzea eta azkarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.