Egunero jasotzen ditut epostan academia.edu ataritik nire interesekoak izan litezkeen artikuluak. Irakurtzeko gogoa bai, baina denbora... Halere, gaurkoan Jens Fleischhauer ikertzaile alemaniarrak maila-adberbioez idatzitakoak (2016) atentzioa eman dit eta, nork daki, hauxe izan daiteke maila-adberbioen zaintzarako elkartearen lehen urratsa.
Maila-adberbioak izenondo, aditzondo eta aditzaren intentsitate-maila adierazteko erabiltzen omen dira (oso gorria, oso berandu, oso nekatuta), baina ez da erabat egia, **Gaur oso nekatu naiz ezinezkoa baita, izan. Honelako mugak garrantzizkoenaren lehen adierazleak izaten dira.
Badira maila-esapideak ere: pila bat eta pixka bat, kasu. Honelakoak maila-adberbio dira Txakurrak pila bat izutu du diogunean. Gainera, denbora-iraupena adierazten dute (Pila bat lo egin du), bai eta maiztasuna ere (Pila bat joaten da zinemara). Ingelesez ere berdin dabil a lot esapidea, baina polonieraz ezin: bard?o omen legoke txakurraren adibidean, eta duzo beste bietan (gainean puntua duen z-z Wikipediak esaten du —ze ona!— Lekeitioko jakin-eko jota bezala ahoskatzen dela). Ingelesez eta euskaraz Pila bat txokolate jan dute esan dezakegu; honetan polonierak duzo erabiliko du, eta ez bard?o. Ikertzaileak bere buruari galdetzen dio zergatik bi hizkuntzotan doazen elkarrekin 'kantitatea' adierako izenlaguna eta 'iraupena' edo 'maiztasuna' adierako adberbioa, baina ez maila-adberbioa.
Gurean horren ifrentzua ikusi dut, adjektiboak mailakatzeko balio dutenetako batzuek (Arras gaztea zen) ez baitute kantitate-izenlaguna (**Arras txokolate), ez iraupen-adberbioa (**Arras lo egin), ez maiztasunekoa (**Arras joaten zinemara) adierazteko gaitasunik (nahiko litzateke salbuespenetako bat). Pila bat-ek lautan hiru adierazteko gaitasuna du, ordea. Hurrengoan pila bat pila bat irakurtzen dudanean, jakingo dut zergatik.
LARREPETIT
Pila bat pila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu