Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Poeta eta faxista

2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Maria Antonietta Macciochik idatzi zuen PCIko buru Palmiro Togliattik D'Annunzio idazlea eta faxismoaren inspiratzaileari balioa handitu nahi ziola, Venetoko bozkatzaileak ez galtzearren. Macciochik eta Pasolinik ez zuten horretan ere bat egiten Togliattirekin 1960ko hondarrean nabarmen geratu zen bezala D'Annunziori Ronchin egin eta jarri zioten eskultura baten kontura. Irakasleak eta artistak elkartu ziren aurrena monumentuaren kontra, bereziki gazteentzako eredugarria ez zen norbaiti ohore egiten zitzaiolako, historia irakatsi beharrean.

Friulekoa zuen ama Pasolinik eta, monumentuaren kontrako gutunei erantzunez idatzi zuenean kontatu zuenez, bere gaztaro osoan izan zuen friuliar literaturarekiko eta historiarekiko interesa. Horregatik, Italia iparraldeko eta erdi-hegoaldeko faxisten artean bereizketa bat egiten zuen Pasolinik: iparraldekoak zintzoak ziren. Horregatik ia ezinezkoa zen iparraldekoei azaltzea «D'Annunzio legionarioaren monumentu bat munstrokeria bat zela! Ez lukete sekula onartuko, zeren horretarako uko egin beharko liokete beren existentziaren ikusmolde osoari». Eta hala, Pasoliniren bira miresgarri horietako batean, esaten du, iparraldekoak D'Annunziotik eta faxismotik aldentzeko esan behar zela «poeta ezin txarrago bat» izan zela eta «hiritar ezin txarragoa» ere berdin. Joko adornoar batean, Pasolinik idatzi zuen ez zegoela ados Friul eta Triesteko intelektualekin, D'Annunzio poeta eta soldadua D'Annunzio legionario eta protofaxistarekin bereizten zutenekin. D'Annunzio bakarra zela eta «bere garrantzi literarioa negatiboa [zela] bakarrik, historian eta tradizioan izan zuena bezala.»

Ezinezkoa da Pasolinirenez irakurtzean hemengoekin analogiarik ez egitea, beste garai eta tokiek norberak lantzen duen eremuaren lehenaldiak baleude bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.