Erradikaltasuna inola ere egotzi ezin zaion Uwe-Karsten Heyek egiten zuen gogoeta: nola egin zien ihes Alemaniako zerbitzu sekretuei NSU erakunde terrorista naziak? 150 laguneko talde bat, hilketa arrazistak, bonba leherketak eta banku lapurretak egiten zituena. Heye SPDko Willy Barndten prentsa arduraduna izan zen 1974tik 1978ra eta Gerhard Schroeder kantzilerraren Estatu Idazkaria 1998tik 2002ra, baina argi zuen: Alemania Ekialdean ez bezala, Mendebaldekoan zerbitzu sekretu naziek martxan jarraitu zuten 1945aren ostean eta organikoki nazia den agenteak ez du politikoki nazia dena identifikatzen ahal. Heyeren liburua zoragarria da, (Die Benjamins) eta, egiten duen lan politikoa beste sozialdemokrataren batek egingo balu, (arrazakeriaren kontra) beste mundu batean geundeke.
Hipotesi politikoa, ordea, okerra da, poliziaz, zerbitzuez eta armadaz azken urteotako aztertzaileek zabal demostratu duten bezala. Alemaniako Poliziak Gazako genozidioaren kontrakoak pistolaz seinalatzeak ez du harremanik 1945 aurreko Alemaniarekin. Frantziako Poliziak ez ditu migranteak errepide kontroletan tiroz hiltzen eskuin muturra polizian infiltratu delako. Espainiako Guardia Zibilak ez du mugan jendea hiltzen Francorengatik. Eta ertzainak ez dira psikopatak EAJrengatik. Zelatatu, zigortu, zauritu eta, beharrezkoa denean, hil, poliziak direlako.
2002an ELAk ertzainen botoen %37 eskuratu zituen, CCOOk %13,88 eta UGTk %3,08; 2026an %3,66 ELAk eta beste biak desagertu dira. EAJren ERNE sindikatua 24 urtean %36tik %23ra jaitsi da. Kontua ez da soilik eskuin muturreko sindikatuak Ertzaintzan infiltratu direla. Polizia, kapitalismoan, autonomia ia erabatekoa duen talde bat da eta bere ideologiak zeharo egiten du bat jabetza pribatuaren defentsarekin, garai liberaletan liberalki, faxistetan faxista baina beti polizialki.
AEBetatik Frantziara, moderatuenek ere badakite: polizia desagertzea ipar, gero eta baliabide gutxiago eman behar zaizkie. Talde gisa kendu behar zaie zilegitasuna.
Egoera guztietan indar handiena duenak determinatzen du gatazka baten intentsitatea: Loiun, Kirruli tabernaren kanpoko aldean, gauez Aiztogile kalean, Errekaleorren, Iruñeko parkeetan paperak eskatzen eta etxean (genero indarkerian ere nabarmentzen dira poliziak).