Santa Ageda bezperan, goizeko euri uholdeak estalitako bidegorrian barna gurpilak irrist egin zidan eta lurra jo genuen alabak eta biok. Makilek eskutik ihes egin zidaten eta lurra kolpatzean hautsi ziren. Biharamunean Helena Agorretarenera jo nuen masaje beharrean.
Eguerdian Zeru ahoak telesaileko soinu banda jarri nuen disko-biragailuan. Anariren Harriak ereserkiaren bertsio berri bat dakar, Xabier Zeberioren harien konposizioarekin lagunduta, Aitor Etxeberriaren konponketekin. Bezperako Aingeru Epaltzaren zutabea etorri zitzaidan gogora, asteartero Juan Jose Lizarbek kafea hartzen duen kafetegian irakurri nuena (Inkonparezentzia), eta lotu nuen berriki famatu den Jon Sarasuak abenduan Villabonan emandako hitzaldiarekin (amaieran EAJko Tolosako alkate ohiak txapela ematen diona).
Eta zutabea eta hitzaldia abestiarekin nahastu zitzaidan: Koldo Almandoz ezker abertzalekoa da? Mugimendu Sozialistakoa? Zeberioren arregloak hiperprogresistak dira? Anariren litofilia animalista al da? Bach-en kontrapuntuak badu Jesu Kristorekin lotura? Jabetu nintzen berdin zitzaidala. Nahi nuena zela ez Zeru ahoak bat lau urtean behin, baizik eta halako lau astero. Jabetu nintzen nik artean eta euskal esferako debatean bizi dudan absentzia nagusia ez dela bertsolari faxistak ala jeltzaleak falta direla. Uste dut Gauaz parke batean memorablea idatziko zuela Mirandek gutun pribatuetan Heil Hitler! idatzi gabe, nik nahi ditut euskaraz France Cultureko dozenaka historia podcastak, antikomunistak badira ere.
Uste dut eskuinetik egindako aldarrikapen hori (artista gehienak progresistak direla) hein batean zuzena dela. 1930eko Frantziako artista interesgarrienak Estatuaren kontra zeuden sozialista iraultzaileak eta katolikoak ziren bezala. Isaak Babel, Zalditeria gorria Errusiako iraultzaren maisulana idatzi zuena, torturatu eta hil zuen estatu estalinistak 1940an: apenas dagoen SESBen artista komunista errusiar interesgarririk 1929tik aurrera. Artearen historia garaikidea da. Chestertonik ez dago katolikoa ez balitz, baina Asisko San Frantzisko liburua idazteko sentiberatasuna behar da eta ez otoitz egitea. Ez dago Brechtik Marx eta Leninik gabe, baina soilik Lenin eta Marx irakurrita Brechten mailako zerbait idatziko dela pentsatzeari, lagunartean, falazia metaboliko esaten diogu: ez, ez gara jaten duguna bilakatzen, zorionez.