Iñigo Aranbarri.

Publikoaren neurrira

2025eko ekainaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zuhur mintzatu zen Unai Simon, Espainiako elastikoa soinean: «Futbola dut lanbide eta uste dut horixe dudala zeregina, kirol gaiez soilik aritu eta gainerakoak besteri utzi». Ez zen hutsetik sortua aldarria. Arestian, Frantziako hauteskundeen karietara, Kylian Mbappek botoa ematera deitu zuen, izenik emateke, Marine Le Peni presidentziarako ateak trangatzeko. 

Kirolariak kirolaz, beraz; idazleak literaturaz; musikariak musikaz eta iturginak txorrotez. Ez dakit nola ez dion erasan atezainak Bruce Springsteeni, ezen zer egin du gizonak Donostian Mbapperena baino, alegia, aprobetxatu, Simonek ondo esan zuen bezala, ospearen itzala bere iritzi politikoa emateko, jo eta kantatu besterik egin behar ez zuenean.

Jendea atera zen Simon burutsuaren alde. Springsteeni, inor ez zaio atera kontra. Txintik gabe hartu dira harenak, nahiz eta presidente hautatu bati demagogo eta tirano deitu, nahiz eta ikurrina jarri eta ez Espainiakoa oholtza puntan edo euskara lehenetsi pantailetan gazteleraren kaltetan. Inor gutxik leporatu dion bezala, lokatzetan sartzen hasita, Gazako genozidioa aipatu ez izana, edo Iraneko erasoa. Galdetu ez dioten bezala zinez uste duen AEBen 250 urteko ibilbidea hain sortzezgarbia izan den Trump heldu arte. Nola esango zaio ba, ondo kantatzea du lana.

Ez da azkarregia izan behar jakiteko, Simonek, Mbappek eta Springsteenek, nork bere arrazoiengatik moldatu, mugatu eta neurtu ohi duela esateko daukana. Datorren tokitik dator bakoitza, eta mundua dute begira. Espanturik ez, arren; ikuskizunari zor gatzaizkio, erantsi behar zuen Simonek, ez dugu gugandik espero duzuen hori besterik egiten, garai bateko bertso saioetan bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.