Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Puntu beltzak

2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nazka-nazka eginda nauka. Hogei urte; belaunaldi bat. Erridikulua eta absurdoa da Irun eta Hondarribiko alardeetako gatazka. Bizikidetza sustatzen eta aldarrikatzen ari garen garaiotan, ameti ezina. Hamarkada bi pasatu eta gero, ezin-ikusiak konpontzeko interes handirik ez dut ikusten, bestela, dagoeneko konponduta legoke. Gure politikariek ez dute maila eman, eta ez dira maila ematen ari. Zer da garrantzitsuagoa lotsagarria izan ez-ezik elkarbizitzarako oztopo izugarriak sortzen dituen liskarra konpontzea ala alkatetzei eustea? Zer egin genezake, edozein arrazoi dela tarteko, arduradun publikoak auzia konpontzeko gai ez badira? Ez litzateke zelanbaiteko isun edo kargugabetzerik ezarri beharko? Gohaindura eragiten dit honek. Zer egin behar da tradizioak XXI. mendeko bizitza egokitzapena behaztopatzen duenean? Suntsitu. Tradizioak, legeak eta enparauak gizakiok sortutakoak dira, gure bizitza arautzeko, errazteko (kontrolatzeko, nahi baduzu). Funtzio hori galtzen dutenean tradizioek ez digute balio.

Plastiko beltzak, eta atzealdean (kasualitatez?) emakume gazteak. Hemen jarrera epel asko ikusten dut, alegia, agintariek honekin irmoago jokatu beharko luketela: isun ekonomiko gogorrak jaso behar lituzketela plastiko beltza eusten eta sustatzen dutenek. Muturreko neurriak ere otu zaizkit: elkarbizitza ziurtatzen ez den bitartean kitto alardea. Debekatu. Eta zergatik ez aplikatu udaloi beste kontu batzuetarako ahoz aho darabilten Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua? Zenbat urte gehiago jasan behar da lotsa hau, Erdi Arotik XXI. mendetik baino hurbilago dagoen jarrera? Osterantzekoak ere egin litezke, bai, irtenbideak hamaika dira. Gatazkak konpontzen aditu den Henri Dunant Fundazioari dei diezaiokegu... Edozelan ere, hogei urte eta gero, interbentzioa ezinbestekoa da. Eta zinez daitort ez dakidala zeren zain dagoen Eusko Jaurlaritza, hogei urteko gatazka ez da nahikoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.