Ander Perez Argote

Richarden paranoiak

2024ko irailaren 27a
05:00
Entzun

Pasa den igandeko Salvados ikusi bazenuten, edo telebista programa horretatik ateratako bideo pilularen batekin topo egin baduzue sare sozialetan, erreparatuko zenioten, nola ez, Richard izeneko tipo bati. Morroiak dezente jartzen du bere aldetik —zer espero dezakegu Irakera mertzenario gisa joateko asmoa zuela harro dioen tipo batengandik?—, baina gainontzean, ezin ukatu hamarkada luzez euskal gatazkaz eraikitako errelato baten produktu perfektua denik. Eta antza, iraungitze-datarik ez duen produktua da oraindik.

Richardek paranoiak ditu, eta haluzinazioak. Politikariren baten eskolta da Euskal Herrian, eta Espainia sakonean barneratutako aurreiritzi guztiak bizkarrean hartuta dator lan berrira, al norte. Richardek bere potro espainolak jarri nahi ditu Herriko Taberna batean. Richardek isilik, mesfidati eta kopetilun irudikatzen ditu euskaldunak, western bateko saloon baten gisara, zigarro-ke laino batez inguratuta, eta odol gosez. Richardek ezin ditu irudikatu aitona-amonak karta jokoan herriko batean, bikote hasiberri baten zita bat, lagunarteko elkarrizketa alaia edota familia bazkari bat. Richard sinplismo ariketa baten biktima da, gatazka abertzale kaiku eta biolentzia zale batzuen obsesiotara mugatzen duen kontakizun baten ondorio.

Eta bai, posible da Euskal Herriak bizitako indarkeriaz hitz egitea, eta zilegi da are indarkeria oro errefusatzea, hala nahi izatekotan. Alferrik dena da karikaturak eraikitzea horretarako, eta jendea tontotzat tratatzea. Zeren eta konponbideek, izatekotan, analisi zorrotz eta serioak behar dituzte. Baldin eta behintzat gauzak konpondu nahi badira.

Eta Richardek, urte askotan eraikitako Richard guztiek, ez dute ezer konpondu nahi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.