Blanca Urgell

Sagu-katuak

2024ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Élise Muller Genevan, XIX. mendearen hondarreko hamarkadan, orduko boladako zirkulu espiritista haietako batean sartu zen. Laster ohartu ziren medium aparta zela: mahaia jirabiraka hasten zen, kolpeak entzun eta haren ahotik Victor Hugo zein Cagliostro mintzo ziren.

Ospea zabaldu ahala, Théodore Flournoy Psikofisiologiako irakaslea batu zitzaien. Berarekin bat, Mullerren adierazpenetan glosolalia agertu zen: Simandini indiar printzesa bailitzan, amodio biziz Sivrouka senarrari hitz egiten zion, Flournoy-ren berraragitzea omen zenari.

Hurren Marte planetako biztanleak, flora eta fauna-eta ikusi eta marraztu zituen. Esenale delako martetarra marteeraz ari zen Mullerren ahotik: Richma michou minimi touanimen mimatchineg masichinof mezavi patelki abresinad navette naven navette mitchid naken chinoutoufiche... Marteko alfabetoaren sinboloak papereratzen ere irakatsi zion.

Flournoy-k Indiatik Marte planetara liburuan (1900) halakoak jaso, analizatu —hizkuntzak Ferdinand de Saussurerekin berarekin ebaluatuz— eta epaia eman zuen: Mullerren irudimen subliminalaren ekoizpenak ziren, haren lehenagoko oroitzapen eta esperientzien gainean eratuak. Dena ez zen hain akademikoa izan: «Zorionez, marteerak, (...) planeta gorritik zentzu guztietan banantzen gaituzten 50 milioi legoengatik ere, funtsean frantsesaren hain gertukoa da ezen egiteko honek [transkribatzeak] ez baitu zailtasunik».

Mullerrek Parisera ihes egin zuen, non Mary Jackson aberats estatubatuarraren babespean jarraitu zuen igarle lanekin, beti dohainik. Urte dezente beranduago, bere burua sagu moduan irudikatu zuen, eta Flournoy katu moduan.

Nago psikologoak etxea zotzez ez ote zuen egina. Baina agian oker nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.