Zoriontasunaren gainean beste azterketa bat egin dute Hong Kong eta Bulgariako Varna Unibertsitateetan. Emaitzak The Journal of Happiness Studies aldizkarian kaleratu dituzte: genetikak ezarri ohi digu. Alegia, zorigaitzekoak ahaleginak egin litzakeela, baina genetikak ezetz erabaki badu, jai duela. Azterketa horren arabera zoriontsuen sentitzen direnak Nigeria, Ghana, Mexiko eta Kolonbiako biztanleak dira. Beste aldean: Hong Kong, Txina, Thailandia, Taiwan, Irak eta Jordaniako bizilagunak. Bai, bai; badakit zer ari zaren pentsatzen.
Sonja Lyubomirsky zientzialari ospetsuak zoriontasuna aztertzen du, eta bat dator emaitza horrekin, hau da, zoriontasuna geneetan dagoela. Esaten du, baina, neurri batean behintzat zoriontsuago izan gaitezkeela geneen laguntza izan ez arren. Bilatu ostean aurkitu dut akorduan nuen Jules Renard idazle frantsesaren esaldi mundiala: «Momentu batzuetan dena ondo doa; ez beldurtu, ez du irauten». Serge Latouche pentsalari eta Paris-Sud Unibertsitateko ekonomia katedradunak, aldiz, Iruñean sendo hitz egin zuen hitzaldi batean: zoriontsua den jendeak ez du kontsumitzen. Hortaz, kontsumoa leit motiv bezala duen mendebaldeko gizarte honek ez gaitu zoriontsu behar. Bistan da metaketara emanak behar gaituela. Kontsumitu eta kontsumitu. Galde iezaiozu, bestela, Suediako Gobernuari. Margot Wallström bertako atzerri ministroak adierazi lez Suediak Sahararen independentziari babesa kendu dio. Tunisia eta Libiako suediar enbaxadoreak, Fredrik Florének, Sahararekiko politika berraztertu eta patxada osoz esan du Nazioarteko Zuzenbideak Saharako Errepublika arabiarra aitortzeko ezarritako irizpideak ez direla betetzen. Suediaren babesa galdu du, ondorioz, Sahara mendebaldeak. Maroko poztu egin da. Eta Casablanca inguruan Ikea zabaltzeko debekua kendu du. Zoriontasuna, bai, geneetan dago.

LARREPETIT
Sahara eta zoriontasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu